Ibon Fernandez Iradi preso gaixoaren zigorra bertan behera uzteko, bi baldintza ezarri ditu Parisko epaitegiak: Frantziako Estatuaren mugen barruan bizitzeko debekua kentzea eta Pirinio Atlantikoak departamendutik kanpo bizitzea. Lehen baldintzaren ondorioz, baina, askatasuna hilabeteetan atzeratu daitekeela ohartarazi du abokatuak. Izan ere, neurri horrek beste epaitegi batera jotzera behartuko du Fernandez Iradi, eta horrek atzeratzea ekarriko du.
"Zigorra etetea onartuta, epaitegiak onartu egiten du Ibon Fernandez Iradi berehala askatzea behartzen duen osasun egoeraren larritasuna", esan du abokatuak erabakiaren berri jakin bezain laster atera duen oharrean. Ohartarazi du, ordea, erabakia orain betetzeko aukera guztiak kentzen dituela, eta, ondorioz, gaixo dagoen presoak "hilabete luzez" jarraitu beharko du espetxean. Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta azken hilabeteetan txarrera egin du bere osasun egoerak nabarmen.
Abokatuek zehaztu dute Frantziako estatuaren mugetan geratzeko debekua kentzeko eskaera berezi bat aurkeztu beharko duela presoak, eta hilabeteak beharko direla hori aztertua izan dadin. Aurreikusten dute, gainera, preso gaixoaren osasun egoera aintzat hartuta denbora horretan okerrera egingo duela. Azken hilabeteetan hainbat eragilek eskatu dute Fernandez Iradi aske uzteko. Baionan, giza kate bat egin zuten orain gutxi. Bideoa: maiatzaren 10eko giza katea (Itxaso Cuevas, Ipar Euskal Herriko Hitza).
[YouTube]http://youtu.be/YgWGdZowbAk[/YouTube]
Fernandez Iradi 30 urteko espetxe zigorra ari da betetzen, Frantzian. Espainiak bi euroagindu eskaera egin ditu, eta Paueko epaitegiak onartu egin zituen. 2003tik dago preso, orain Lannemezanen (Frantzia). 2010ean agertu zitzaizkion eritasunaren lehen aztarnak, eta geroztik okerrera egin du haren egoerak. “Hiru urte eta erdiz egunero bataila batean dago”, salatu izan du Herrira-k. Gaixotasun larria, sendaezina, eta kalte fisiko eta psikologikoak eragiten dizkie gaixoei, eta Fernandez Iradik gero eta osasun arazo larriagoak ditu. Frantziako legeak finkatzen duen lege prozedurari jarraikiz, Paulus-Basurko abokatuaren bidez egin zuen Fernandez Iradik espetxe zigorra bertan behera uzteko eskaria, espetxeak eritasunaren arta ez duela bermatzen argudiatuta. Gertutik segitu behar den eritasuna dela nabarmendu izan dute senide eta osasun arloko eragileek, eta kartzela ez dela “leku egokia” gaineratu izan dute.
Iazko martxoan eskatu zion abokatuak epaileari osasun azterketa egiteko eta zigorra eteteko. Horrek otsailean igorri zituen zinpeko bi sendagile Fernandez Iradiren osasuna aztertzera, eta helarazi zioten txostena.