KONPONBIDEARI BEGIRA

Fernandez: "Sakabanaketak beharrezkoa ez den giza kostua dauka"

Rafa Diezi El Duesoko espetxean eginiko bisita eta Etxerat elkartearekin izandako bilera defendatu ditu Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkariak.

Jonan Fernandez, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko apirilaren 15a
14:56
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean agerraldia egin du Jonan Fernandezek, PPren eskariz, azaltzeko "zergatik bildu den ETAko presoekin eta haien senideekin, zer konpromiso ezarri diren ondoren eta zer asmo dituen gerora haiekin biltzeari dagokionez".

Etxerat presoen senide eta lagunen elkartearekin nahiz Rafa Diez Usabiagarekin eginiko bilerak babestu ditu Fernandezek. Etxerat-ekin batzartu izanaz, azaldu du "ikuspuntuak entzun nahi izatea" eta sakabanaketa politikak presoen senide eta lagunengan duen eraginaren testigantza izatea zela haren helburua. "Sakabanaketak familiak zigortzen ditu, eta senideek ez dute deliturik egin. Horrek beharrezkoa ez den giza eta gizarte kostua dauka".

Rafa Diezekin El Duesoko espetxean eginiko bileraz, berriz, Fernandezek adierazi du ezker abertzaleak "indarkeriaren amaierarantz eginiko trantsizioan pertsona nabarmenetako bat" dela Diez, eta haren ikuspuntua "interesgarria" dela. Diezekin "gogoetak partekatzea" zen bileraren xedea, eta ez zuten etorkizunerako konpromisorik ezarri, ez zelako hori asmoa: "Egoera politikoaz eta etorkizunaz hitz egiten aritu gara, ez negoziatzen".

"Legezkotasun, normaltasun eta egokitasun esparru batean" kokatu ditu bilerak Fernandezek: "Normala ez dena ez hitz egitea da".

PP: "Etxerat ETA babesteko erakunde politikoa da"

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak kritikatu egin ditu bi batzarrak. Eusko Jaurlaritzak presoekiko estrategia bat duela esan du Barriok, eta Fernandezi esan dio badirudiela "ETAko presoen abokatu gisa jarduten" duela. Barriok ETAko kidetzat jo du Diez, eta "ETA babesteko erakunde politikotzat" Etxerat, eta Fernandezi eskatu dio argitu dezala zertaz hitz egin zuen Diezekin.

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, "tamalgarri" deritzo Fernandez Etxerat eta Diezekin biltzeari, argudiatuta ETAri ez diotela eskatu desagertzeko. Terrorismoaren biktimak "gehiago eta hobeto" zaintzeko eskatu dio Maneirok.

Bi bilerak ontzat jo ditu EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, iritzita "justifikatuak" daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.