Pasa den urritik martxora sinadurak biltzen jardun dutela gogorarazi du Elkarriko Koordinatzaile Jonan Fernandezek ETBn egin dioten elkarrizketan. Gainera, 120.000 sinadura biltzeko asmoa bazuten ere 122.000tik gora lortu dituztela azpimarratu du. Sinadura horiek guztiak hartuta EAEko Legebiltzarrera eta Nafarroako parlamentura joango direla iragarri du.
Orduandik aurrera, bake konferentziak hiru kanal izango dituela dio: kanal politikoa (proposamena legebiltzarretara eraman eta eztabaidatu egingo da, eta alderdi politikoekin ere lanean ari dira); eztabaida soziala (bai herrietan eta baita orokorrean ere); eta prestatzen ari diren nazioarteko konferentzia (adituak etorriko dira mundu osotik, bake konferentziari forma ematera).
Ezin da amore eman
Elkarrik aurretik ere egin zuen bake konferentzia, baina ez zituen nahi bezalako emaitzak lortu. Orduan, Elkarri desagertzekotan egon zen, baina, arazoa konpondu arte ezin zaiola saiatzeari utzi iritzi dio Jonan Fernandezek. Oinarrizko ideia zera da, bere ustez, gure herrian dauden baldintzetan ("indarkeria eta eztabaida eza"), gakoabehin eta berriz saiatzea da. Konponbidea erraza balitz aspaldi konpondua legokela iritzi dio, baina, zaila denez, konpondu arte saiatu behar dela azpimarratu.
Saiakera bakoitzean apur bat aurrera egiten dela uste du, eta horretan jarraituko dutela. Hala ere, orain konponbidea lortzeko inoiz baino baldintza hobeak daudela uste du. Eusko Legebiltzarrean eta Kataluniakoan irekita dauden eztabaidak oso garrantzitsua direla uste du, Espainiako Gobernuaren aldaketak ere giroa hobetu duelakoan dago, eta indarkeria krisi sakon batean dagoela uste du. Elementu horiek guztiak, eta gizarteak duen konponbiderako gogoak beraiei berriz saiatzeko beharra erakusten diela dio.
Hala ere, laguntzen ez duten baldintzak ere badirela iritzi dio, esaterako HZren baliogabetzea.
Elkarri
Fernandezek bake konferentzia egiteko baldintza egokiak daudela uste du
Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzailearen iritzian arazoa konpondu arte saiatu beharra dago, eta ezin da amore eman. Elkarrik saiakera bat baino gehiago egin dituela azaldu du, baina gehiagoren beharra dagoela. Bihar Nafarroako eta EAEko legebiltzarretara eramango dituzte bildutako 122.000 sinadurak, eta bake konferentzia abiatuko da, Fernandezen iritzian inoiz baino "egoera hobean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu