Fernando Etxegarai euskal presoa (Plentzia, Bizkaia; 56 urte) gaur arratsaldean aske geratu dela jakinarazi du Askatasunak, epaileak onartu egin duelako defentsaren helegitea. Epaileak dio Espainiako Zigor Kode berria ezarrita, Etxegarairi 20 urteko kartzela zigorra dagokiola, ez gehiagokoa. Ia 21 urte egin ditu espetxean.
Etxegarai libre geratu zen joan den urtarrilaren 4an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz. 2008ko urtarrilean askatasun datarako proposamena bidali zuen presoak. Haren neska-lagunak habeas corpus eskatu zuen, ezarritako kondena betea zuelako, eta abokatuek Etxegarai aske uzteko eskatu zuten.
Maiatzaren 6an, ordea, berriz ere atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Parot doktrina ezarrita, beste lau urte kartzelan egin zitzan. Hain justu, martxoaren 3an hura bilatu eta espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, zigorraren likidazioa egitean "akatsa" izan zuela esanda. Lamako (Galizia) espetxean egon da azken atxiloketatik.
Etxegarai 1987ko apirilaren 23an atxilotu zuten, ETAko komando bateko kidea izatea leporatuta. 1973ko Zigor Kodearekin epaitu zuten. 99 urteko kartzela zigorra ezarri zioten baina, legearen aplikazioaren arabera, baldintzapean aske 2002ko apiriletik egon beharko zuen; sei urte igaro behar izan ziren horretarako.
Zigorra beteta aske dagoen euskal preso bati zigorra handitzen dioten lehen aldia da hau. Orotara 27 euskal presori ezarri diote 197/2006 sententziaren irizpidea. Horietatik 22 aske lirateke Parot doktrina ezarri ez baliete.
Euskal presoak
Fernando Etxegarai presoa aske geratu da, epaileak onartu egin baitu defentsaren helegitea
Epaileak dio Zigor Kode berriarekin presoari 20 urteko kartzela zigorra dagokiola, ez gehiagokoa. Etxegaraik ia 21 urte egin ditu espetxean. Urtarrilean libre geratu zen baina maiatzaren 6an atxilotu egin zuten, beste lau urte kartzelan egin zitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu