Fernando Trueba: "Arteaz hitz egitean, oker egitea da nazio terminoetan aritzea"

2009ko irailaren 19a
12:51
Entzun
Fernando Trueba zuzendariaren El baile de la Victoria filma aurkeztuko dute gaur Zinemaldiko Sail Ofizialean (22:30, Kursaala 1) eta, bera espainiarra den arren, ez du hitz egin nahi Espainiako zinemaz. "Nahiago dut zinemaz orokorrean hitz egitea. Bestea, ikuspegi mugatua izatea dela iruditzen zait. Arteaz eta pertsonez hitz egitean, oker egitea da nazio terminoetan aritzea. Nik nire lagunei ez diet pasaportea eskatzen; beraz, filmeei ere ez", adierazi du gaur goizean, Donostian.

Ondorioz, Truebak jendeari eskatu dio aurreiritzirik izan gabe joateko pelikula ikustera, ez edukitzeko kontuan zuzendaria zein herrialdekoa den. Promozioen aurka ere mintzatu da. "Gehienak Ameriketako Estatu Batuetatik datoz eta gehienak zaborra dira".

Duela gutxi zioen Espainiako zinemaren maila oso txarra dela, eta gaur adierazpen horiek zehaztu nahi izan ditu. "Film txar asko egitea defenditzen dut. Izan ere, film asko egitetik datoz onak. Baina hori kazetariekin eta politikariekin ere gertatzen da, baita maitasun kantekin ere".

Espainiako Zinema Akademiak Oscarretarako hautatutako hiru filmeetako bat da El baile de la Victoria. Besteak beste, Belle epoque eta Calle 54 pelikulak ere zuzendutakoa da Trueba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.