"Pamplonesas, pamploneses, ¡viva San Fermin! Gora San Fermin! Felices fiestas", esan du 12:00etan Maite Esporrin PSNko zinegotziak udaletxeko balkoitik, eta hasi dira sanferminak. "Polemikarik ez sortzeko, beti esan ohi dena esango dut", adierazi du gaur goizean Esporrinek, eta hala egin du. Oihua gazteleraz eta euskaraz egingo zuela ere iragarri du -"Nafarroako hizkuntza baita euskara"-, baina apenas egin duen euskaraz.
Lepo zegoen Udaletxe plaza, eta Esporrinek suziria bota ondoren jantzi dute zapi gorria. Iruñean dauden beste denek bezala. Festa da hiria; hilaren 14ko gauerdia arte festa izango da.
Yolanda Barcina Iruñeko alkateak txupinazoaren ostean esan du munduko festarik onenak direla sanferminak. "Hemingwayk esaten zuen festa lehertu egiten dela baina nik uste dut, plazan zegoen alaitasuna ikusita, hitz haiek motz geratu direla".
Udaletxean izan da Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakaria. "Festarik unibertsalena dira Iruñeko sanferminak, Espainiako irekienak", adierazi du, eta ondo pasatzeko dei egin du, "krisi garaian ere diru gutxirekin ondo pasa daitekeelako hemen, beste festa batzuetan ez bezala".
Eguraldi ona dago, nahiz eta Euskal Herriko hainbat lekutan euria ari duen. Iruñean 25 gradu daude, eta eguzkia eta hodeiak.
BERRIA.INFOk lehen aldiz zuzenean eman du txupinazoaren unea, 11:30etik 13:00etara, irudi eta Twitter bidez. Horretaz gain, BERRIA.INFOk webgune berezia egin du Iruñeko sanferminekin, hori ere lehen aldiz.
Iruñeko sanferminak
Festa da Iruñea
Maite Esporrin PSNko zinegotziak bota du sanferminei hasiera eman dien txupinazoa. Euskaraz "Gora San Fermin" baino ez du esan. Zuzenean eman du BERRIA.INFOk. Barcina alkatearen ustez, munduko festarik onenak dira. Sanzek dio diru gutxirekin ere ondo pasa daitekeela sanferminetan, "beste jai batzuetan ez bezala".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu