JAIAK

Festak aurrera segitzen du Gasteizen

Jaien erdigunera iritsita, hainbat ekitaldi daude antolatuta gaurko Gasteizen. Musikak girotuko ditu kaleak egun osoan, eta hainbat gune prestatu dituzte haurrak jolasteko. Gatibu, Antton Aranburu, Cobra, Willis Drummond eta Sacramento taldeak ikusteko aukera izango du gauean.

2013ko abuztuaren 6a
17:23
Entzun

Goizean haurrak nagusi izan dira Gasteizko festetan, haientzako hainbat jolas antolatu baitituzte. Basatilandia izena du Urrezko Zeledonen plazan haurrentzat prestatu duten txokoak: besteak beste, hiruko artzain jokoan, twister-ean, txokor bilketan eta puxikekin jolastu dute. Prado kalean, berriz, Mario Kart zirkuituan parte hartzeko aukera izan dute, Zoroak taldearen eskutik.

Loma jeneralaren plazan, berriz, zer ikusi, erosi eta dastatu izan da gastronomia eta eskulangintza azokan, 11:30etatik 15:00etara. Francisco Juan Aiala plazan beste azoka 12:00etatik 14:30era izan da, eta arrakasta handia izan du; 18:00etatik 02:00etara berriro eskiniko dute bertaratzeko aukera. Hainbat ikuskizun eskainiko dituzte bertan: besteak beste, Glykon suge sorgintzailea eta ekialdeko dantzak, Giselaren eskutik.

Fanfarreak, trikitilariak, txistulari bandak eta gehiago kalez kale ibili dira eguna alaitzen, eta erraldoi eta buruhandiak ere ikusi ahal izan dira.

Gauean, berriz, profesionalak ariko dira Andre Maria Zuria esku pilota txapelketa jokatzen Ogeta pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Kontzertuez gozatzea nahiago duenak, berriz, hainbat aukera ditu. Txosnetan, adibidez, Cobra, Willis Drummond eta Sacramento taldeak arituko dira taula gainean, gauerditik aurrera. Foruen plazan eta Matetxe plazan ariko dira, ordu berean, Gatibu eta Antton Aranburu, hurrenez hurren.

Beste zenbait ekitaldi kontsulta ditzakezu hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.