EUSKAL PRESOAK

Figueroa presoaren hil kapera 18:00etan irekiko dute Getxoko beilatokian

Algortako presoa 41 urterekin hil da. Epilepsia zuen, eta 1994tik, preso sartu zutenetik, haren gaitzak okerrera egin zuen nabarmen. Elkarretaratzera deitu du Herrira-k 20:00etarako, Algortan. Gainera, bihar Tafallan 'Parot doktrinaren' aurka prestatutako protestarekin bat egiteko eskatu du mugimenduak.

2013ko martxoaren 15a
13:28
Entzun

Figueroak 41 urte zituen, eta preso eman du ia bizi erdia, 1994an atxilotu zutenetik. Haurtzarotik zuen gaixotasun larria, eta duela 25 bat urte esan zioten epilepsia tenporala zuela; epilepsia mota larrienetako bat. Espetxeak nabarmen okertu zion bere osasun egoera, krisialdi oso larri eta etengabeak izateraino. Atzo hil zen, eta gaur irekiko dute hil kapera, 18:00etan, Getxoko beilategian. Halaber, elkarretaratzera deitu du Herrira-k Algortan 20:00etarako.

Figueroaren senideei babesa adierazi die mugimenduak, gaur goizean eginiko agerraldi batean. Salatu du euskal presoei ezartzen dizkieten "salbuespen" neurriek "sufrimendua, samina, eta giza eskubideen urraketa" eragiten dituztela: "Eritasun larria duten presoek kalean behar lukete, gaixotasunei baldintza duinetan aurre egiteko".

197/2006 doktrina ezarria duen Ines del Rio presoaren auziaz ere jardun du Herrira-k, datorren asteazkenean aztertuko baitu auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Bihar eguerdian Tafallan eta asteazkenean hainbat herritan antolatu duten manifestaziora joateko eskatu die herritarrei, "euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeko".

Mobilizazioak debekatu egin zituen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, baina baimendu egin zituen Nafarroako Auzitegi Nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.