Euskal Presoak
Filipe Bidart askatzeko eskatu dute gaur Baionan
'Filipe Askatu' komiteak antolaturik, elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dituzte gaur, Baionako Auzitegiaren aitzinean, 200 lagun inguruk. Bidartek hamasei urte daramatza preso eta baldintzapean aske irteteko aukera du 2003ko otsailaz geroztik. 2004ko otsailean lehendabiziko eskaera pausatu zuen defentsak, beharrezkoak diren lan eta egoitza bermeak aurkeztuz. Uztailaren 6an Frantziako Justiziak eskaera baztertu zuen, eta Bidartek Dei Epaitegira jo zuen. Behin betiko erabakia datozen asteetan jakinen dela uste du defentsak. Gaur egun Clairvauxko espetxean dago Bidart, Paristik 200 kilometrora.
Hainbat taldek atxikimendua adierazi diote gaurko elkarretaratzeari: ABk, Batasunak, LABek, Demoek, LCRek eta EAk. Filipe Askatu komiteko kidea den Tttotte Etxebestek Berriari jakinarazi dio gaurko elkarretaratzea "euskal preso politiko guztien alde" ere egina dela, eta Bidart baldintzapean askatzea lortuz gero, "aurrekari bat" izan daitekeela etorkizunean kasu berdintsuan dauden beste presoentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu