Isabel Zelaa. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

«Filosofia bera dute agiriak eta Bakerako Hezkuntza Planak»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Agiria aurkeztu berri-berritan erantzun ditu galderak Isabel Zelaak (Bilbo, 1949), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Bakerako Hezkuntza Planak segitu egingo duela nabarmendu du, eta haren zatitzat jo du adierazpena.

Hogei eragile baino gehiago batera.

Oso ekitaldi interesgarria izan da, oso garrantzitsua izan da guretzat. Pozgarria da, euskal hezkuntza osatzen dugun eragileok garai berriko egoerak eskatzen duen mailan egon garelako. Adostasunak, pluraltasunak eta zeharkakotasunak posible egin dute horrelako ekitaldi bat egitea eta horrelako konpromiso bat hartzea.

Zalantza handi bat sortu da: orain zer gertatuko da Bakerako Hezkuntza Planarekin?

Adierazpena Bakerako Hezkuntza Planean sartuta dago, akordioa elkarbizitzarako konpromisoa da, eta, beraz, plan haren filosofia du.

Aldaketak badaude, ordea, plan haren eta adierazpen honen artean.

Ez, ez. Ez dago batere alderik. Bakerako Hezkuntza Plan osoak aurrera segitzen du: biktimen presentzia ari da pixkanaka-pixkanaka izaten eskoletan—balorazio positiboekin—, bakerako materialen gaia ere aurrera doa... Elkarbizitzarako filosofiaren parte da honakoa. Elkarbizitzarako Plana dinamikoa da. ETAk borroka armatua utzi eta gero, garai berri bat zabaltzen da, eta zerbait esateko dauka euskal hezkuntzak; adierazpen hau egin du. Bizikidetzarako Planaren filosofia da. Egiten saiatu diren diferentziazio hau erabat artifiziala da.

Sinatzaileen artean badaude bere garaian Bakerako Hezkuntza Planaren aurka egin zutenak.

Haiei galdetu beharko diezu hori. Bi ekimenen artean ez dago desberdintasunik: filosofia berdinaren pean daude biak.

Baina agiri honek darabiltzan terminoak orokorragoak dira ordukoak baino. ETAren biktimak besteak baino gehiago aipatzen zituen hark...

Ez, ez. Ez dago zertan beti hitz egin ETAren biktimez eta ETAren terrorismoaz. Une honetan garai berri batean gaude: ETAk utzi du borroka armatua. Beraz, bizikidetzaren filosofiaren barruan gaude, eta honakoa da garai horri dagokionez euskal hezkuntzak egiten duen adierazpena. Biktimen presentzia bultzatzen dugunean, ez dugu esaten Bizikidetzarako Planarekiko gauza desberdin bat dela; materialak aldatzean, ez dugu esaten gauza desberdina dela. Eskoletan bizikidetza egitearen alde gaude denok. Ezberdintasun bila ari dena ez dagoena bilatzen ari da, ez besterik.

Asmo orokorrak ageri dira adierazpenean. Nola gauzatuko dira horiek?

Ari gara gauzatzen, eta segituko dugu egoeretara egokitzen.

Gehiengo sindikala falta da.

Nahi genuen hemen izatea. Baina ez dakit zerbait ote daukaten bizikidetzaren aldeko manifestu baten aurka. Argitu beharko dute. Pozarren partekatuko nuen adierazpena beste eragileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.