Urduri eta beren baitan duten onena emateko gogoz zeharkatu dituzte ikasleek Miarritzeko Malraux ikastetxeko ateak goizeko zortzietan, baxoko lehen ariketari buru egiteko. Prestakuntza orokorreko hiru sailetako ikasleek—Gizarte eta Ekonomia gaiak, Zientzia eta Literatura— lau ordu zeuzkaten gai baten inguruan unibertsitatera pasatzeko aukera irabazteko. Nahitaezkoa da baxoa, ariketa horretan lortu emaitzak ireki edo ixten duelako unibertsitateko atea.
Bi galderaren eta testu baten artean hauta zezaketen ikasleek. «Ba ote dea desio naturalik?», zioen lehenak; «lan egitea baliagarri izatea baino ez da?», bigarrenak. George Berkeleyren Passive obedience liburuko (Obedientzia pasiboaz) pasarte bat zen hirugarren aukera. «Lanari buruzko galdera aukeratu dut, gaur egungo errealitatean pil-pilean dagoen gai bat delako eta, etorkizunari begira, gure kezka nagusietariko bat delako», erran zuen hamaiketarako Filosofia azterketa bukatua zuen neska batek. Haren inguruan, bertze lauzpabost neska. Bat kenduta, lanaren gaia aukeratu zuten guztiek. Bitarteko gisa ez, traba gisa ikusten zuten baxoa, irailetik aitzina hartu nahi duten bideari begira. Batek ordutegi egokitua dauka Malraux ikastetxean bertan, eta dantza urratsek lotura gutxi dute filosofiaren korapiloekin. Hala ere, hortik pasatu behar.
«Uste nuen hobeto egingo nuela, baina ez dakit zer gertatu zaidan; ez naiz gustura gelditu gaur egindako lanaz», dio Roxanne Ferrerak. Gustuko gaia duela aitortu du, eta espero zuen horri esker emaitza goratzea. Desioaren gaia hautatu du, baina, berehala, gaia hertsiegia bihurtu zaio, eta azterketak ez du aukerarik ematen gibelera egiteko. Sartzean, kirol ikasketak egin nahi ditu Bretainiako Roazhon hirian (Rennes).
Aste osoko proba bat dela gogorarazi du Catherine Corbierrek, eta nabarmendu du denbora ongi baliatu behar dela horretarako. Goiz oheratu, goiz jaiki, azterketa egin, bazkaldu, eta arratsaldean, lasai, ondoko eguneko gaien irakurketa egin, lerro nagusiak. «Baxoa antolatua dagoen moldean, ez du balio azken orduan egiten den lanak». Gai bakoitzari dagozkion fitxak bete ditu, eta horiek baliatzen ditu berrikasteko. Lanaren balioa hartu du azterketarako gaitzat. Emaitzari dagokionez, itxaropentsu ageri da, emandako erantzunez seguru. Malraux ikastetxeko ikaslea da, eta heldu den urterako erronka ez du etxetik urruti: sukaldaritza ikasi nahi du, Miarritzen dagoen sukaldaritza eskolan.
Beste proba bat euskaraz
Aurtengo baxoak, berrikuntzarik izan badu, euskararen eskutik izan du: lehen aldiz, ikasleek parada ukanen dute Matematika azterketa euskaraz egiteko. Orain artean, Historia-Geografia bakarrik egin zezaketen euskaraz. Ikasturte erditsuan, Seaskak iragarri zuen azterketak trabatuko zituela baxoa euskaraz egiteko aukerarik ez bazegoen. Mehatxua eragozteko, engoitik Matematika euskaraz egiteko aukera bermatuko du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Horrek ez ditu ezabatu ikasleen aldarriak, baina deliberatu dute azterketak ez trabatzea. Seaskaren iritziz, borondate politikoa eskas da ikasbide osoa euskaraz egin duten ikasleen eskubideak bermatzeko.
Baina, ororen buru, sistema osoa aztertu behar dela uste dute anitzek. Corbierrek eta Ferrerak iritzi diote oreka handiagoa bermatu behar dela azterketaren eta egindako lanaren artean, geroa azterketa bakarrean jokatu ordez. «Zuzenagoa da kontrol jarraikia egitea urtean, eta emaitza horren eta baxoan lortutakoaren batez bertzekoa egitea». Nabarmendu dute eragin zuzena ukan dezaketela gripe xume batek, buruko minak edo egun horretan nekaturik sentitzeak. Zuzentzaileek ez dute ikasleen ibilbidearen berri, eta ez dakite egindako lanaren fruitua den edo egun txar baten eragina. Eskatu dute ibilbidea kontuan hartzeko ezagutza frogatzeko orduan.
Filosofiaren tenorean
Baxoa egiteko garaia heldu zaie terminaleko ikasleei: Filosofia azterketarekin ekin diote aste osoko probari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu