2006ko Munduko Kopa

Final-laurdenetarako azken bi txartelak jokoan

Gaur jokatuko dituzte final-zortzirenetako azken bi partidak. Alemania, Argentina, Ingalaterra, Portugal, Italia eta Ukraina sailkatu dira dagoeneko. Final-laurdenetarako azken bi txartelak norentzat izango diren gaur erabakiko da. Lehengo partida, 17:00etan hasi den Brasil 3 - Ghana 0, amaitu da dagoeneko eta bigarrena, berriz, Espainia-Frantzia 21:00etan jokatuko da.

2006ko ekainaren 27a
18:55
Entzun
Brasil-Ghana

Denen aurrean eta denentzat aritu da Brasil orain arte lanean. Parreira entrenatzaileak erreparorik gabe eman ditu hamaikakoak, baina ezkutuan aritu da azken egunotan. Aitortu du zergatik: «Ez naiz Ghanako frankotiratzaileez fio». Behin finalerdietara iritsita lasaiago ariko direla aurreratu dute baina final-zortzirenetako eta final-laurden- etako partidak tentsio handikoak izango direla iragarri dute. Gaur Ghanari aurre egiteko bi hamaikako ezberdin ateratzeko aukera du Parreirak. Gauza bat bakarra da segurua: Robinhok ez duela jokatuko -zaintiratua izan zuen larunbatean-.

Ghanak hutsune bat du nabarmena: Michael Essien. AEBen kontrako partidan bigarren txartel horia atera zioten Chelseako erdilariari, eta ez du gaur jokatzerik izango. Hura eta Appiah dira Ghanako bi zutabe nagusiak, eta nabaritu egin dezake taldeak.

Espainia-Frantzia

Final-zortzirenetako partida interesgarrienetako bat da gaur Espainiak eta Frantziak jokatuko dutena. Talde bakoitzak kanporaketa honetara iristeko jokatu dituen hiru partidak baldintzatuta egongo dira. Espainia gora datorren taldea da, joko polita eta ona eginez, eta konfiantzaz gainezka sailkatu da. Frantzia, berriz, ozta-ozta sailkatu da, multzoko bigarren, eta bere jokoak zalantza asko sortu ditu, batez ere gola sartzeko duen ezintasunak.

Partidaren aurreko egunak borroka taktiko bat bihurtu dute bi entrenatzaileek. Luis Aragones espainiarrak hasieratik Raul eta Cesc zelairatuko dituela iragarri du entrenamenduetan, baina Raymond Domenech Frantziako hautatzaileak ez dio sinesgarritasunik eman aukera horri. Berak ateak itxita egin ditu azken lan saioak, eta adierazi du aurkariaren taldearen arabera esango diela bere jokalariei nola jokatu. Garbi dagoena da Zinedine Zidane hasierako hamaikakora itzuliko dela, partida bateko zigorra bete ostean.

Ziurrenik, gainera, bi aurrelarirekin jokatuko du Frantziak, txapelketako lehen bi partidetan gola sartzeko izan zuen ezintasuna konpondu asmoz. Togoren aurka bi gol sartu zituen Henry eta Trezeguet elkarrekin zelairatuz. Espainiak, berriz, Cesc, Raul, Alonso eta Xavirekin zelai erdian egingo du indarra, hor oinarrituz pase sakonak egin asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.