Fiona McConnell Oxfordeko (Erresuma Batua) Unibertsitateko irakaslearen elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk. Joan den astean Europako Parlamentuan erabakitzeko eskubideari buruz izandako konferentzia batean parte hartu zuen. Elkarrizketaren aurrerapena da hau:
- "Erabakitzeko eskubidearen gaineko interesa berpiztu egin da azken urteetan Europan. Oso garrantzitsua da azpimarratzea nazioarteko erakundeek eta eragileek aitortutako eskubidea dela hori, eta ez duela preskribatzen: estatuen debekuak debeku, etorkizuna zabalik uzten die nazio edota eskualde bateko herritarrei eurek nahi dutenean erabaki dezaten estatu gisa independentzia osoa nahi duten edo ez, edo autonomia maila handiagoa nahi duten, edo sistema federal batera jo nahi duten".
- "Zenbait nazio eta eskualde –Eskozia, Katalunia, Gales, Bavaria eta Euskal Herria, esaterako– lan handia ari dira egiten euren eskaerak Europako agendan txertatzeko".
- "Estatuek euren burujabetzaren aurkako mehatxu gisa ikusten dituzte. Baina diplomazia ulertzeko modua nabarmen aldatzen ari da azken urteetan. Estatuen eta estatuen gaindiko erakundeen diplomazien arteko mugak lausotzen ari dira. Diplomazia ez da lanbide edo jarduera zehatz bat gaur egun. Aurrekari profesional jakin batzuk dituzten pertsonak gero eta gehiago ari dira parte hartzen lan haietan: kultura arlokoak, kirolekoak, enpresariak... Paradiplomazia, ohiko diplomaziaren aldean, funtzionalagoa eta zehatzagoa da, eta esperimentalagoa, berritzaileagoa".