gizartea

Fiskalak 17 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Donostian biluzik ibiltzen den gizonarentzat

2009ko irailaren 2a
18:39
Entzun
Donostian biluzik ibili ohi den Hendaiako (Lapurdi) gizonari hamazazpi hilabeteko kartzela zigorra jartzeko eskatu du Fiskaltzak. Bi delitu leporatzen dizkio: "autoritateari desobedentzia" eta adin txikikoen aurrean "erakuts zalekeria". Maiatzaren 15ean atxilotu zuten akusatua (Irwin izena du).

Epaiketan hiru udaltzainek eta haurren amak deklaratu dute lekuko gisa. Udaltzainek azaldu dutenez, herritar batek deitu zuen gizon bat biluzik paseatzen ari zela esanez. Identifikatu ostean, "behin eta berriz" esan zioten arropak jazteko, baina gizonak biluzik jarraitu zuen. "Jarrera erakutsi zalea" zuela gaineratu dute. Dena den, defentsa abokatuak galdetuta, hark ez zuela "intentzio sexualik" argitu dute.

Adin txikikoen aurrean "erakuts zalekeria" ere egotzi diote. Baina haur horien amak azaldu duenez, umeei "ez zien keinurik egin" eta bera ez zen "intimitatuta eta ofendituta" sentitu.

Irwinek adierazi du jazteko agindua ez zuela bete, bere ustez udaltzainek aipatutako ordenantzak "oinarrizko eskubideak urratzen" dituelako. Gainera, auzipetuaren arabera, udaltzainek bere aurka prozesu penala hasteko asmoa zeukaten.

Defentsak auzipetua libre uzteko eskatu du, "hutsune legal bat" dagoela argudiatuta. "Legean espreski agertzen ez dena baimenduta dago", adierazi du. Desobedentziari dagokionez, defentsak uste du udaltzainen eskaerak ez duela zilegitasunik.

Laugarren prozesu judiziala da Irwinen aurkakoa. Horietako batean Donostiako Auzitegi batek urte beteko kartzela zigorra jarri zion haur eta gutxitu psikikoen aurrean "biluzik agertu" eta udaltzainek janzteko esandakoan kasurik ez egitea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.