Poliki-poliki ari dira betiko lanak hartzen aireportuetan. Baina ostiralean osasun arazoak argudiatuta aire kontrolatzaileek lan egiteari uzteko hartutako erabakiak soka luzea dakar oraindik. Hala, Espainiako Estatuko fiskalburu Candido Conde-Pumpidok iragarri du 500 kontrolatzaile ingururen jarduna ikertuko dutela, legea urratu zuten erabaki eta ezarri beharreko zigorra erabakitzeko. «Kasuz kasu egingo dugu», azaldu zuen atzo Conde-Pumpidok. Lege urraketa larria ez bada, hiru hilabete eta hiru urte arteko kartzela zigorra jarriko zaie; larria izanez gero, berriz, sei eta zortzi urte artekoa. AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeak ere espediente bat ireki du 442 kontrolatzaileren kontra. «Ziur gaude legearen ondorio guztiak jasan beharko dituztela hogei orduz airegunea eten zuten horiek», nabarmendu zuen Jose Blancok, Espainiako Sustapen ministroak. Blancok argi dauka kontrolatzaile guztiek ez dutela ardura bera. Ostegunean hasiko dira kontrolatzaileak deklaratzen.
AENAk BERRIAri emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 172 hegaldi geratu ziren bertan behera kontrolatzaileen lanuztearen ondorioz: 137 Loiun, 12 Forondan, 10 Hondarribian eta 13 Noainen. Normal aritu ziren atzo aireportu guztietan.
Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok lehen aldiz mintzatu zen atzo kontrolatzaileen auziaren inguruan. Zapateroren arabera, kontrolatzaileen lanuztearen inguruan hartu ziren neurriak egokiak izan ziren. «24 ordu baino gutxiagoan normal aritzea lortu genuen, eta horrek esan nahi du gauzak ondo egin zirela eta erabakiak hartzeko prozesua egokia izan zela». Larunbatean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera hamabost egunerako da, berez, baina Zapaterok ez du baztertu luzatu behar izatea.
USCA kontrolatzaileen sindikatuko bozeramaile Cesar Cabok «barkamena» eskatu die bidaiariei, sortutako egoera «kaotiko, izugarri eta ezohikoagatik». Adierazi du AENAk saihestu zezakeela. «Guk egindakoak ez duela justifikaziorik. Baina, bai, azalpena. Hilabeteak daramatzagu zapalduta, eta egin duguna ez da soldata kontu batengatik izan».
Fiskalak 500 kontrolatzaile ikertuko ditu lanuzteengatik
Hego Euskal Herrian 172 hegaldi geratu ziren bertan behera ostiralean eta larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu