Bateraguneauziko fiskalak aldaketak iragari ditu gaur zigor eskaeretan. Bihar jakinaraziko du zer zigor eskatzen duen auzipetuentzat, baina orain arte eskatu ez duena izango da. Defentsako abokatuek gaur esateko eskatu dute, baina fiskalak erantzun du eskaeretan aldaketak egin behar dituela eta horretarako denbora behar duela.
Iñigo Iruin abokatuak estu hartu du gaur 19.242 zenbakiarekin identifikatzen den Polizia peritu nagusia. Euskal Herriari buruz Polizian dagoen aditu handienetako bat da polizia hori, hainbat makrosumariotan deklaratu duena, baina gaur Iruinek bere hitzak kolokan jarri ditu, poliziak berak bere tesiak hipotesiak direla eta ezker abertzalearen presioak "nolabait agian" ETAk inor hil ez zezan lagundu zuela onartu duen arte. Frogarik ez dagoenez, hipotesi horiek ziren akusazioaren oinarri sendoena.
Akusazioek auzipetuei leporatzen diotena, hein handi batean 19.242 poliziaren hipotesi horietan oinarritzen da, eta aitortu du ETAk 2008an "desbideratzen ari zen mugimendu bat" detektatu zuela eta horrek asko kezkatzen zuela, "bere kontroletik kanpo zegoen espazio subiranista sortzen ari zelako". Iruinek presioaren ondorioz aitortu du polizia peritu nagusiak ezker abertzalearen prozesua ETAk eskatzen zituen gutxiengoko baldintzarik gabe abiatu zela, eta Arnaldo Otegik abiatu zuela gaineratu du.
Azken ondorioak eta zigor eskaerak, bihar
'Bateragune auzia' azken saioetara iristen ari da, eta akusazioa argudioarik gabe geratzen ari da. Izan ere, atzo bertan bere galderei erantzunez ezbaian utzi zuen akusazioa; akusazioek diote auzipetuek ETAren aginduak jarraituz sustatu zutela eztabaida. Polizia peritu nagusiak, ordea, eztabaidaren muina ez zela ETAren gustukoa aitortu zuen atzo.