Fiskalak uste S.F.R.S.-k nahita hil zuela Asier Lavandera eta, ondorioz, gertaera homizidio gisa jo beharrean hilketatzat hartu du. Hala, kartzela zigor eskaera hamalau urte eta erditik hemezortzira igo du gaur, epaiketako azken saioan. "Asierrek ez zuen defenditzeko aukerarik izan. Akusatua gainera joan zitzaion. Eta hiltzorian zela bizkarretik egin zion eraso", esan du fiskalak. "Hiltzera joan zen, bazekien zer egiten zuen. Alkoholak ez zion eragin, defentsak esan duen moduan".
Lavanderaren sendiak 25 urteko eskaerari eutsi dio, hilketa izan zela iritzita. Defentsak dio auzipetuak ez zuela hura “ankerkeriaz” hil, eta bi urte eta erdiko espetxea eskatu du, homizidioagatik.
Astelehenean hasi zen epaiketa Iruñean, Nafarroako Auzitegian, eta zinpekoen mahaia bihar bilduko da, erabakia hartzeko.
Lekunberriko Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoko aldean hil zuten Lavandera, 21 urte zituela, 2010eko urtarrilaren 16an. Hilketarekin zerikusia zutelakoan, lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen. Geroago, Lavanderaren familiak jakinarazi zuen gazte horrek lehendik kartzelan behar zuela, aurretik egindako bi delituren ondorioz.