ETAri laguntzea leporatu zien fiskalak 2013an Enrique Pamiesi eta Jose Maria Ballesterosi, baina Espainiako fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulceren aginduz egin zutela ere adierazi zuen. EAEko poliziaburu ohia eta Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore ohia dira, hurrenez hurren, eta urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zieten, lau urtez lanetik baztertzeaz gain. Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen ez zela izan akusatuen ekintza zuzen bat ETAren ekintza puntual bati mesede egiteko, baizik eta helburua "abian zegoen prozesua ez oztopatzea" zela, ETAren jardun armatuaren amaierarako bidean.
Antonio Barranco fiskalak ez zion helegiterik jarri epaiari, eta auzitegiak hartutako erabakia babestu du, esanez ez zela laguntzarik izan, ETAri laguntzea ez zelako "inoiz" izan polizien helburua. "Asmoa ez zen ETAri laguntzea, eta polizien jarrerak ez zion mesederik egin ETAri; justu guztiz kontrakoa bilatzen zuten".
Polizien abokatuek defendatu dute euren bezeroek ez zutela martxan zegoen operazioaren berririk, beraz, ezin izan zutela horren inguruko sekreturik aireratu, eta, horregatik, errugabeak direla.
AVTk, DyJk eta PPk helegitea jarri zioten Auzitegi Nazionalaren ebazpenari. AVTk eta DyJk azpimarratu dute Pamiesek eta Ballesterosek zigortuak behar dutela izan, helburua edozein izanda ere ETAri lagundu egin ziotela iritzita, ETAren kide bati informazioa emanik. PPren abokatuak beste bien alegazioekin bat egin du, eta eskatu du kondenatuak zigortzeko, sekretuak jakinaraztearen delituagatik eta ETAri laguntzeagatik.