Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko fiskalak eginbideak hasi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen egunean Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiaren aurrean euskal presoen eskubideen aldeko protesta egin zutenen aurka. Manos Limpias elkarteak aurkeztu zuen salaketa, protesta hura "estatuko erakundeen aurkako delitua" izan zitekeelakoan. Elkarteak berak jakinarazi duenez, fiskalak eginbideak hastea erabaki du, eta "hauteskunde delitua" gehitu dio.
Lopez Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria botoa ematera joan zenean sortu ziren liskarrak. Hainbat pertsonak protesta egin zuten haren aurrean, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatuz. Lopezen bizkartzainak oldartu, eta tentsio uneak izan ziren.