Egunkaria auzia

Fiskalak 'Egunkaria auziaren' artxiboa eskatzen segituko du

Auzitegi Nazionalak ahozko epaiketa egiteko erabakia hartu duen arren, Conde Pumpidok esan du Ministerio Fiskalaren jarrera ez dela aldatuko.

2007ko maiatzaren 17a
18:09
Entzun
Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak gaur adierazi duenez, Egunkaria auzia daraman fiskalak -Miguel Angel Carballok- "ez du jarrera aldatuko", nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aurreneko Atalaren ahozko epaiketa egiteko erabakia hartu zuen lehengo astean. Egunkaria auziko fiskalak kasuaren artxiboa eskatu zuen joan zen abenduan, “delitu frogatik ikusi ez” zuelako, eta, Conde Pumpidok gaur Madrilen Forum Europan esan duenez, "Ministerio Fiskalaren jarrera hark adierazitakoaren berbera da".

Auzitegi Nazionalak 2003ko otsailaren 20an itxi egin zuen Egunkaria eta zazpi lagun ditu auzipetuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Pello Zubiria eta Txema Auzmendi. Auzitegi Nazionalaren ahozko epaiketa egiteko erabakia, "ezusteko galanta” izan da haientzat, beraiek lehengo larunbatean Andoainen (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean emandako prentsaurrekoan esan zutenez. Izan ere, fiskalaren eskaera zein zen kontuan hartuta, "espero zitekeen auziak ez zuela aurrera egingo".

Auzitegi Nazionalak, baina, fiskalaren eskaera kontuan hartu gabe, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioei egin die kasu -akusazio partikularrik ez zegoen-, eta ahozko epaiketa egingo da. Iñigo Iruin auzipetuen abokatuak esan du ez dakitela noiz egingo den epaiketa, “espekulatzea litzateke hori”. Gainera, epaiketa egin ez dadin saiatuko direla adierazi du Iruinek, “bideak mugatuak diren arren”.

“Biktima” sentitzen direla diote auzipetuek, “epaiketa honetako biktima bakarrak“. “Errugabeak” direla ere esan dute. “Gure errugabetasuna ezagutzen dugulako, gure abokatuek delitu-zantzuen funtsik eza agerian utzia zutelako, jurisprudentzia ere alde genuelako, eta bereziki iazko abenduan fiskalak auzia ixteko eta epaiketarik ez egiteko eskatua zuelako, hain zuzen ere frogarik ez dagoela-eta”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.