Egunkaria-ren aurkako epaiketako fiskalak eta defentsak bost auzipetuen absoluzioa eskatu dute gaur, haien aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako. Gaur irakurri dituzte parteek euren ondorioak Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek izan dute azken hitza. "Argi geratu da letretako gizonak garela, ez armetakoak", esan du Torrealdaik. Epaiaren zain geratu da, beraz, epaiketa; ez da saio gehiagorik izango. Gaurkoa 22:00etan bukatu da.
2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin lotura izan zuelakoan; zazpi urtera doa kontua. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatzen dute auziko epaimahaia; eurekemango dute epaia. Ez dago datarik jarrita horretarako.
=bFiskalak esan du 'Egunkaria'-k ETArekin harremanik zuela ezin dela frogatu=b
Susmoak eta akusazioak bai, baina halakorik erakusten duten frogarik ez du ikusi Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria-ren auzibidean akusatuen kontra, ez ahozko epaiketa hasi aurreko prozeduretan, ez ahozko epaiketan. Absoluzioa eskatu du, ondorioz -deklarazioen txanda amaitzean asteazkenean iragarri zuen ez zuela zigorrik eskatuko-. Auzibidean bertan artxiboa eskatu zuen Carballok, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ez zuen haren eskaera onartu.
“Milaka folioren ondoren akusazioak agiri gutxi batzutara mugatzen dira”, adierazi du gaur fiskalak, bere ondorioak epaimahaiaren aurrean irakurtzean. Agiri horiek ustez ETAri atzemanda Guardia Zibilak aurkeztutakok lirateke, eta horietan jasotzen dena ere oso ahula dela nabarmendu du Carballok. Hala, defentsaren perituek itzulpenak gutxietsiz esandakoa ontzat eman du, klabe batzuk okerrak direla agertu, eta, gainera, agiri horietan agertzeak inork ETArekin harremanik duela frogatzen duenik ukatu du. Hain zuzen ere, Antza eta Apika ekarri ditu gogora. Bost auzipetuen izen ona eta haien ibilbide profesionala, berriz, aintzat hartzekoak direla iritzi dio.
Azken batean, Egunkaria ETAren zerbitzura ari zela frogatzen duen ezer ez dela epaiketara ekarri iritzi dio Carballok eta errugabetzea eskatu du berriro auzipetuentzat.
Defentsak azaldu du auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez dela haien aurkako frogarik agertu
Egunkaria-ren aurkako epaiketan defentsak ere eman du Auzitegi Nazionalean bere ondorioen berri -Jose Mari Elosua izan da abokatuen artetik aurrena hitza hartzen, 16:30ean, eta Iñigo Iruinek bukatu du, 21:40etan-, eta auzipetuek deliturik ez zutela egin agertu du eta epaiketan ez dela haien aurkako frogarik azaldu. Hala, bost auzipetuak libre uzteko eskatu dio epaimahaiari. Defentsako beste abokatuek ere hortik jo dute. "Euskal gizarteak badaki akusatuak errugabe direla", esan du Elosuak, eta epaileek ere horixe ebatziko dutela seguru dago.
Haren arabera, epaiketan ere ikusi da ez dagoela loturarik Egunkaria eta ETAren artean, ez finantzazio aldetik, ez bestela. Finantzazio aldetik Guardia Zibila, delituak ikusi nahian, ikerketaren "norabidea erabat aldatzen" ibili zela gogoratu du Elosuak, baina "frogatu da [kazetaren sorrera garaian] dirua herritarrek eman zutela, akzioak eta materiala erosita. Guardia Zibilak ere badaki hori, baina Egunkaria kriminalizatu nahi izan du Udaletxe proiektua dagoela esanda". Horretaz gain, polizia txostenetan "kontraesanak" agertu direla esan du Elosuak, batzuk "bermerik gabekoak" zirela, "akusaziorako erabili diren beste txosten batzuk ez dira agertu"... Itzulpengintza "eskandaluzkoa" izan dela azpimarratu du, era berean.
Iñaki Uria auzipetuaren abokatuak azaldu du, gainera, epaiketan ziurtatuta geratu dela Egunkaria-k ez ziola ETAri ezertarako baimenik eskatu behar. "Akusatuek ez dakite ETAk nondik jaso zuten Egunkaria-ri buruzko informazioa, baina badakite beraiek ez direla izan".
Ohartarazi du akusazioek erabilitako txosten horien balorazioa egitea ez dagokiola Guardia Zibilari. "Zuei dagokizue balorazioa egitea", esan die epaimahaikideei. "Baina ba al duzue gaitasuna balorazio hori egiteko? Nire ustez, ez", adierazi die. Izan ere, Elosuaren hitzetan, akusazioek erabilitako txosten gehienen jatorria ez dago egiaztatuta. "Gainera, euskaraz ez dakienak ezin du ulertu txosten horietan dagoena".
Euskarazko kazetak gizartean babes handia zuela nabarmendu du, 2003ko otsailaren 22an itxierako manifestazioan ikusi zen bezala.
19:00etan amaitu du azalpena Elosuak, eta Felix Cañada defentsa abokatuak hartu du hitza ondoren -Joan Mari Torrealdai auzipetuaren abokatua da-. Antzeko arrazoiak erabili ditu eta, "horrela segituz gero, ikastolak izango lirateke akusatuen aulkian esertzen hurrenak, euskara bultzatzen dutelako". 19:42an bukatu du. Txema Auzmendi auzipetuaren abokatu Iñaki Pelaezek ekin dio ondoren. "Ez dago inolako arrazoirik errugabetasun presuntzioa hausteko, ez dago inolako oinarririk akusatuak ETAko kide direla esateko. ETAk Egunkaria-n interesa izatea ez da akusatzeko nahikoa".
Iñigo Iruin 20:27an hasi da hizketan da -Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi auzipetuen abokatua-. "Nola da posible horren interpretazio ilogikoetan oinarritutako auzia ahozko epaiketara iristea?", galdetu du hasi eta berehala, eta azaldu du "gaur-gaurkoz epaimahaia ziur" dagoela kasua ez zela epaiketara eraman behar. Iruinek gogoratu duenez, Guardia Zibilak eskatu zuen Egunkaria ixtea, berak egin zituen txostenak eta bera aritu da peritu gisa. "Polizia sistema judizialean sartu da". Horretaz gain, auzipetu batzuek salatutako tortura kasuei buruz hausnartzeko eskatu dio epaimahaiari.
18/98 auzia-ren epaian Espainiako Auzitegi Gorenak ETAren "fronte mediatikoa" zer zen azaltzen duela gogoratu du Iruinek; alegia, betiere epai haren arabera ETAren hedabide bakarrak Egin egunkaria eta Egin irratia zirela, eta ez Egunkaria.
Auzipetuek izan dute azken hitza
21:40etan bukatu du Iruinek, eta auzipetuen txanda izan da gero; eurek izan dute epaiketan azken hitza. Uria hasi da, eta adierazpen askatasunaren inguruan hausnartzera deitu du. Ondoren, hark bezala,Auzmendik eta Oleagak adierazi dute sekula ez dutela ETArekin hartu-emanik eduki. Horretaz gain, Otamendik azaldu du harro daudela kazetaren egitasmoan parte hartzeagatik.
"ETAtik aparte badago bizitza", esan die herri akusazioei Torrealdaik. "Epairik gabe zigortu gaituzte".
Argudio berei eutsi diete herri akusazioek
Fiskalaren aurretik mintzatu dira herri akusazioak, goizean: Dignidad y Justicia eta AVT. Asteazkenean iragarri zuten bezala, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako.
Aurrenaren abokatuak berrogei minutuko hitzaldia egin du, epaiketa amaierako bere ondorioak zeintzuk diren agertzeko. Funtsean, ahozko epaiketa hasi aurreko argudioei berei eutsi die, egunotan aretoan esan eta entzundakoek eraginik izan ez balute bezala. Batetik, auzibidean zehar Juan del Olmo epaile instruktoreak eta Guardia Zibilak egindakoak egokiak eta zilegilak izan direla iritzi dio, eta ukatu egin du torturarik edo bestelako eskubideen urraketarik egon zela. Bestetik, Guardia Zibileko perituek emandako azalpenei eta haiek ustez ETAri atzemandako agiriei egindako interpretazioei estu-estu lotu zaio DyJko abokatua, eta Egunkaria ETAk sortu zuela berretsi du. Ildo horretatik, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria horren jakitun zirela adierazi du, txosten horien Guardia Zibilaren interpretazioari men eginez. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ETAk hautatu zuela argudiatzeko Uriaren onespena zuela esan du. Xabier Oleaga, berriz, erakunde armatuaren komisario politiko gisa sartu zela, Guardia Zibilaren txostena hitzez hitz jarraituz.
Defentsak aurkeztutako froga, lekukotasun eta perituei dagokienez, itzultzaileen txostenak “izaera generikoa” duela esan du Dignidad y Justiciako abokatua, hura gutxiesteko. Defentsako lekukoak, berriz, “oso pertsona garrantzitsuak” direla onartu du, baina haiek frogatu duten bakarra auzipetuak “profesional onak” direla eta euskararekin eta euskal kulturarekin konpromiso handia zutela izan da, DyJren iduriko. Haien lekukotzak, ordea, ez du balio izan auzipetuek ETArekin lotura zutela ezezteko, herri akusazio horren arabera.
AVT ordezkatzen duen abokatua ere bide beretik aritu da. Guardia Zibilak emandako argudioei itxi-itxian jarraituz, Egunkaria ETAk sortu zuela eta haren tresna zela baieztatu du. Areago, auzipetuek horren berri bazutela eta ETAri men egiteko prest agertu zirela iritzi dio; Torrealdairi zuzendari izateko proposamena ETAk egin ziola esatera iritsi da, proposamen horrekin joan zitzaizkionak Karlos Santamaria eta Martin Ugalde izan zirenean. Baieztapen horietarako guztietarako Guardia Zibilak ustez ETAri atzemandako agiriak eta Guardia Zibilak haien gainean egindako interpretazioak erabili ditu, aurrez DyJk bezala. Epai zigortzailea eskatuz amaitu du hitzaldia.
Egunkaria auzia
Fiskalak eta defentsak absoluzioa eskatu dute, deliturik ez dagoela argudiatuta, eta epaiketa epaiaren zain geratu da
'Egunkaria'-k ETArekin harremanik zuela ezin dela frogatu azpimarratu du fiskalak. "Euskal gizarteak badaki akusatuak errugabe direla", esan du Elosua defentsa abokatuak. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek diote kazeta ETAk sortu zuela, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako. Hauek egin dute azken hitza: adierazpen askatasuna aipatu dute, ETArekin ez dutela sekula hartu-emanik izan, harro daudela 'Egunkaria'-n parte hartzeagatik... Ez da saio gehiagorik izango -22:00etan amaitu da gaurkoa-, eta Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek emango dute epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu