Amaitu da Maria Pilar Marcosen aurka egunotan Iruñean egin den epaiketa. Ustez senarra hiltzeagatik epaitu dute Tafallako emakumea, eta fiskalak eutsi egin dio 11 urteko zigor eskaerari, homizidioa leporatuta. Ez ditu aintzat hartu Marcosen eta seme-alaben lekukotasunak, eta ez dio sinesgarritasunik eman akusatuak azaldutako bertsioari. Marcosek azaldu du bere burua babesteko hartu zuela labana, eta «inoiz» ez zuela senarra hiltzeko asmorik izan. 44 urtetan jasan ditu tratu txarrak, eta seme-alabek berretsi egin zuten amak sufritutakoa.
Fiskalaren arabera, Marcosek «nahita, kontzienteki eta berariaz» hil zuen senarra. Perituen bertsioa hartu du aintzat, horretarako. «Labana sartu zion, eta une horretan senarra hiltzea nahi zuen». Horregatik, homizidioa leporatu dio, eta aringarri gisa hartu du «segituan egindakoaz damutzea». Halaber, larrigarri gisa jo du bikote harremana izatea. Onartu du gau horretan eztabaidan aritu zirela eta «indarkeria» izan zela, «emakumeak zituen ubeldurek baieztatu bezala», «baina biek egin ziotela aurre elkarri» deritzo, eta emakumeak «gehiegi eta neurririk gabe erantzun» zuela. Halaber, gezurtatu egin du emakumeak «izu ikaragarria» zuenik: «Beldurra izan zuen, baina ez halako jarrera bat justifikatzeko adinakoa». Gainera, fiskalak zalantzan jarri ditu emakumeak 44 urtetan tratu txarrak sufritu zuenik: «Agian hasieran bai, baina azken 15 urteotan ez, gizonari gibeleko zirrosia diagnostikatu ziotenetik».
Defentsaren aukerak
Maria Pilar Marcosen defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du, «ez baita argitu nola bukatu zuen labanak gizonaren bularrean». Beste bi aukera ere eman ditu, absoluziorik ezean: bata, dolozko homizidioa (urte eta erdiko zigorra du gehienez ere delitu mota horrek), eta, bestea, homizidio bidegabea (sei hilabeteko zigorra gehienez ere). Dena dela, defentsak berretsi du Maria Pilar Marcosek ez zuela izan «inoiz» senarra hiltzeko asmorik, eta bere burua babesteko hartu zuela labana. «Hori zen aukera bakarra, senarraren izaera biolentoa eta oldarkorra ezagututa. Defentsa hain zilegi eta argia da, ezin dela beste ezertan sartu».
Epaiketa amaitu aurretik, epaileak azken hitza eman zion Maria Pilar Marcosi, eta epaimahaiari hitz egin zion: «Nik eta nire seme-alabek sufritu dugun horretan pentsatu, eta horren arabera jokatu. Zigortu ala ez, ez dut berriz burua altxatuko. Inongo kasutan ez naiz gai izango». Izan ere, haren arabera, bere bizitza «hautsita» dago, eta seme-alaben laguntzari esker «eramangarriago» egiten du. Zinpeko epaimahaiak du orain hitza.
Fiskalak eutsi egin dio 11 urteko zigor eskaerari, Marcosen aurka
«Zigortu ala ez, ez dut berriz burua altxatuko», esan dio akusatuak epaimahaiari, epaiketa bukatu aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu