Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak helegitea jarri dio Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailearen erabakiari. Gaixotasun larria eta sendaezina duela onartu arren "berehala hiltzeko arriskurik" ez duela argudiatu du fiskalak. Josu Uribetxebarria larri gaixorik den euskal presoari baldintzapeko askatasuna eman zion epaileak iragan ostegunean, baina epaia irmoa izan arte preso segituko du hark.
Auzitegi Nazionaleko zigor salako lehen sekzioak aztertuko du helegitea. Bost epailek osatzen du atal hori, Fernando Grande-Marlaska zigor salako presidentea buru dela. Besteak Manuela Fernandez Prado, Javier Martinez Lazaro, Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda Peña dira. Zigor sala, berriz, hemeretzi epailek osatzen dute, baina Grande-Marlaskak gaur iragarri du ez duela sala osoaren bilerara deituko, baldin eta gehiengoak eskatzen ez badu.
Arantza Aparicio abokatuak esan du epaia irmoa izan arte presoa baldintzapean aske ez uzteko erabakia "legez kanpokoa" dela. Presoa berehala aske uztea galdegin dute Etxerat-ek eta hainbat gizarte eragilek.
Uribetxebarria aske uztearen aurka azaldu da Fiskaltza, hark biktimei barkamenik eskatu ez eta ETArekiko loturak hautsi ez dituela argudiatuta. Uribetxebarria espetxean artatzeko aukera jasotzen zuen Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuaren txostenak, Osakidetzakoak eta Leongo Ospitalekoak (Espainia) diotenaren kontra. Presoa ez dagoela "fase terminalean" nabarmentzen dute auzitegi medikuak eta fiskalak.
Txosten guztiek bat egiten dute presoaren gaixotasunaren larritasunean. Osakidetzako medikuen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta, auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa.
Gallardonek dio fiskalaren erabakiak Justizia Ministerioaren babesa duela
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak adierazi du fiskalaren erabakia babestu egiten duela Justizia Ministerioak. Helegitea ondo argudiatuta dagoela esan du. Helegitearen arrazoia fiskala presoa bisitatzera deitu ez izana dela azaldu du Gallardonek.
Espetxe Zaintzako epailea Donostiako Ospitalean bildu zen onkologoekin eta presoarekin. Justizia ministroaren esanetan, ordea, Fiskaltzarentzat ezinbestekoa zen bisita horretan parte hartzea eta Justizia Ministerioak ere ulertzen du "Fiskaltzak prozesuko ekintza guztietan presente" egon behar duela.
Halaber, Gallardonek adierazi du Fiskaltzak Barne Ministerioak hartutako neurrien legezkotasuna babestu duela. "Testuan argi zehazten da zeintzuk diren hirugarren gradua lortzeko bete beharreko baldintzak eta zeintzuk baldintzapeko askatasuna lortzekoak". Justizia ministroaren arabera, fiskalak nabarmendu du ez direla betetzen Uribetxebarria aske uzteko baldintzak.
Baldintza zorrotzak, libre utziko balute
Baldintza zorrotzak bete beharko lituzke Uribetxebarriak libre utziko balute: ezingo litzateke gerturatu biktimen eta haien familien etxebizitzetara, "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatu dio epaileak, baita "ildo horretako" adierazpenak egitea ere.
1997tik daukate preso. Minbizia du, metastasiarekin, eta Donostiako Ospitalean dago abuztuaren 1etik. Iragan astean erradioterapia tratamendua jasotzen hasi zen.