nafarroa

Fiskalak ia mila bana euroko isuna eskatu du EHEko bi kiderentzat, seinaleak ezabatzea egotzita

Haizea Ramirez de Aldak eta Itziar Claverrek Iruñeko epaiketan salatu dute euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela. Nafarroako Gobernuak ere isuna eskatu du. Defentsak, berriz, absoluzioa, frogarik ez dagoelakoan.

2012ko irailaren 11
18:55
Entzun

Altsasun gaztelaniazko seinaleak ezabatu zituztela egotzita, Iruñeko Auzitegiko fiskalak 941na euroko isuna eskatu du Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideentzat, baita sei eguneko "zaintza iraunkorra" ere. Nafarroako Gobernuak ere zigor eskaera egin du: isun bera jartzeko bi auzipetuei.

Defentsak absoluzioa eskatu du, Poliziaren esana nahikoa froga ez izateaz gain ezabatutako seinalearen argazkirik ez dutelako aurkeztu.

Ramirez de Aldak esan du Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela. Antzera mintzatu da Claver, eta, haren iritziz, "lotsagarria da euskaraz bizitzeagatik egotea hemen”. Euskaraz eta itzultzailerik gabe deklaratu nahi izan dute EHEko kideek, eta, hori entzutean, “nahi duzuen hizkuntzan hitz egin dezakezuela uste al duzue?”, erantzun die epaileak. Hasieran eta bukaeran baino ez dute hartu hitza auzipetuek.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek epaiketa salatu du. "Euskaraz bizitzeko nahia praktikara eramateak lege menderatzaileekin, epaitegiekin eta isun administratiboekin egin du topo. Berriro euskaldunok auzibidean gaude gure hizkuntza eskubideen aldarrikapena egiteagatik". Gainera, ohartarazi du fiskalarentzat-eta haiek ezabatu omen zituzten seinaleak aspalditik ezabatuta zeudela, eta elkarteko bi lagunek auzi saioa egin baino lehen sei mila euroko isuna ordaindua zutela.

Duela hamar hilabete gertatu zen auzia, azaroaren 14an. EHEren 'Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimenean parte hartzen ari ziren bi auzipetuak. Altsasuko San Juan kalean bi foruzainekin topo egin zuten. Haiekin euskaraz hasi zirela, baina foruzainetako batek ez zekiela euskara eta gaztelaniaz egiteko eskatu ziela azaldu dute. Euskaraz jarraitu zuten Claverrek eta Ramirez de Aldak.

Ondorioz, 3.000 euroko isun bana jarri zien Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, eta beste 150 euroko isun bana jarri zieten desobedientziagatik. Azken horri helegitea jarri eta bertan behera gelditu da, baina 6.000 euroko isunak bai ordaindu dituzte. Zigor hura jaso ostea egin diete epaiketa, gaur.

Altsasuko alkatea, epaiketaren aurka

Foruzain batek eta Altsasuko udal langile batek lekuko gisa deklaratu dute, eta ez dute auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu. Garazi Urrestarazu alkateak epaiketa gaitzetsi du: "Euskaldunon eskubideen alde lan egiten dute bi akusatuek, eta uste dut ez direla horregatik epaitu behar”.

Saioaren aurretik 35 lagunek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Ezabatu eta Euskaraz Bizi ekimenarekin segituko duela hitz eman du EHEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.