POLITIKA

Fiskalak urtebeteko espetxealdia eskatu du Beitialarrangoitiarentzat

Hernaniko alkateari "terrorismoa goratu" izana leporatzen dio, Anaitasunako ekitaldiko adierazpenengatik. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, adierazpen askatasuna aldarrikatuta. Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berraztertzen ari dira Auzitegi Gorenean.

2010eko otsailaren 18a
16:54
Entzun
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateari urtebeteko espetxealdia ezartzeko eskatu dio fiskalak Espainiako Auzitegi Gorenari. 2008an ezker abertzaleak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian "terrorismoa goratu" izana leporatu dio fiskalak, Mattin Sarasola eta Igor Portu ustezko etakindeentzat txaloak eskatu zituelakoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko zigorra eta zazpi urteko gaitasungabetzea ezarri zizkionon Hernaniko alkateari, eta zigorra berresteko eskatu du fiskalak.

Guardia Zibilak atxilotu eta ustez torturatu zituen Portu eta Sarasola, 2008an. Haietako bat ospitaleratu egin behar izan zuten, saihets bat hautsita eta biriketan zauria zuela. Guardia Zibilaren arabera, bere burua zauritu zuen atxilotze unean, baina Arrasateko herritar batek auzitegian salatu zuen atxiloketen lekuko izan zela eta halakorik ez zela gertatu. Atxiloaldian parte hartu zuten lau guardia zibil auzipetzeko eskatu berri du fiskalak.

Anaitasunako ekitaldia izan aurretxoan gertatu zen hori, eta Beitialarrangoitiak "Maite zaituztegu!" esan zien Porturi eta Sarasolari. Auzitegi Nazionalak eta fiskalak diote hori "terrorismoa goratzea" dela. Iñigo Iruin defentsa abokatuak, ordea, adierazpen askatasunaren baitan kokatu ditu hitz horiek, eta adierazi du helburua ez zela "terrorismoa goratzea". Hartara, Beitialarrangoitia absolbitzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.