Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak hiru urtetik urtebete eta hiru hilabetera jaitsi du Laudioko PPko zinegotziei ustez eraso egin zieten Aiaraldeko hemezortzi lagunen kontrako zigor eskaera. "Koakzio terrorista" egin izana egozten die. Auzipetutako beste kide baten aurkako zigor eskaera erretiratu egin du fiskalak, gertaeretan parte hartu zuela ezin izan duelako frogatu. Defentsak guztien absoluzioa eskatu du.
Gaur zortzi hasi zen epaiketa, eta auzipetuek adierazi zuten ez zituztela PPko hautetsiak jo, eta euren aurkako akusazio guztiak ukatu zituzten. Areago, udalbatzarrean izandako istiluak PPko zinegotziek eta euren bizkartzainek eragin zituztela salatu zuten.
Auziak 2003ko udal hauteskundeetan du jatorria. Orduan, ezker abertzalea legez kanpo utzi izana salatzeko, alkateak kargua hartzeko udalbatzarrean sartu ziren hainbat herritar. Hala, Laudioko ordura arteko alkate Pablo Gorostiagari babesa eman, eta Alderdien Legea salatu nahi zuten. Eskuorriak banatuta eta txilibituekin zarata aterata egin zuten protesta. PPko zinegotziek, baina, salaketa jarri zuten, euren aurkako erasoak argudiatuta.
Fiskalak uste du auzipetuek "ezinhobeto antolatu" zutela protesta eta, beraz, propio egin zutela eraso.