Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ahalegin berezia egin du Josu Uribetxebarria presoa baldintzapean aske uzteko erabakia argudiatzeko. Hamabost orrialdeko auto batean, fiskalaren argudio guztiak errefusatu ditu, banan-banan. Horrez gain, Donostiako Ospitaleko mediku taldeak eginiko azken txostenaren emaitzak eta haiekin izandako elkarrizketaren ondorioak jaso ditu Castro epaileak aipatutako autoan. Medikuen arabera, Uribetxebarria presoak nerbio sistema zentralean duen metastasi anizkoitza oso kezkagarria da, konplikazio hilgarri bat eragin dezakeelako. Epaileak autoan jasotzen duenez, «mediku adituek jakinarazi dute kasuaren faktore garrantzitsuak eta tratamendu proposamena kontuan hartuta, batez beste, bederatzi hilabeteko bizi-itxaropena aurreikus daitekeela». Epailearen ustez, ez dago dudarik Uribetxebarriaren egoera «larria eta sendaezina» dela. Egoera horri baldintzapean aske uztea dagokiola nabarmendu du epaileak.
Fiskalak argudiatzen zuenaz bestera, epaileak argi utzi du larri gaixorik dagoen preso bat baldintzapean aske uzteko ez dela beharrezkoa «hilzorian» egotea. Auzitegi Konstituzionalaren epai bat gogora ekarri du epaileak: «Epai horrek ondorioztatzen du ez dela beharrezkoa presoak gaixo terminalak izatea; beraz, askatzeko, ezin da exijitu bizitzarako berehalako arrisku bat egotea; aitzitik, kaleratzearen xedea da gelditzen zaion denbora aske bizi ahal izatea».
Epaileak nabarmendu du Uribetxebarriaren kasuan preso jarraitzeak oker dezakeela haren egoera. Medikuen ustez, «tratamendua hasten duenean ez da gomendagarria espetxean bizitzea, hainbat arriskurengatik». Halaber, medikuek uste dute hobe dela gaixoa familia giroan bizitzea ospitalean baino, ospitalea «inguru erasokorra» delako, eta are gehiago «espetxe ingurua».
Fiskalaren beste argudioetako bat zen gizarteratzearen aldeko txostenik ez izatea. Baina epaileak argudiatu du horrelakorik ez dela behar gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan. Izan ere, kasu horietan kaleratzearen helburua ez da presoa gizarteratzea, baizik bizitzaren azken zatiari duintasuna ematea. Epaileak baldintza batzuk ezarri dizkio presoari etxean bizitzeko.
Fiskalaren argudio guztiak errefusatu ditu epaileak
Presoak «konplikazio hilgarri bat» izateko arriskua duela ohartarazi dute azken txosten medikoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu