Fiskalaren ustez, mendekuz agindu zuen Jose Lareok Giraldo hiltzeko

Hilketaren sustatzailea ez ezik «parte-hartzaile zuzena» ere badela dio, hiltzaileei informazioa eta dirua eman zizkielako

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Giraldo auziak atzo izan zuen azken saioa, eta fiskalak ondorioak aurkeztu zituen. Yamiled Giraldoren heriotza Jose Lareo Lopez akusatu nagusiak mendekuz agindu zuela dio. Fiskalaren esanetan, Lareo zen bost akusatuen artean «hilketa egiteko behar beste diru zuen bakarra», baita interesa ere, hura baitzen emakumea ezagutzen zuen bakarra.

Giraldok, beste bi emakumerekin batera, Lareoren aurkako salaketa jarri zuen, 2001ean Kolonbiatik ekarri, prostituzioan aritzera behartu eta bortxatu egin zuela leporatuta, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion. Hain zuzen ere, fiskalaren arabera, salaketa horregatik «mendekua» hartzeko agindu zuen Lareok Giraldo hiltzeko. Akusazio partikularrak ere argudio hori babestu du: «Jose Lareo Lopezen aurkako testigantzak eta salaketak hil zuten».

Beste lau akusatu ere epaitu dituzte. Lareok Pedro Andres Garciari eman zion Giraldo hiltzeko asmoaren berri — Garcia berarekin zegoen espetxean—, eta Garciak Karlos Igariri, azken horrek hilketa egiteko prest egon zitekeen norbait aurkizezan kanpoan. Bere emazte ohi Nira Arandigoieni proposatu zion, eta, ustez, horrek hil zuen Giraldo, Rodrigo Solaetxerekin batera. Fiskalak, bada, Arangoienen testigantza erabili du txostenean bere argudioak indartzeko.

Hain zuzen ere, Giraldori buruzko informazio guztia Lareok eman ziola aitortu zuen epailearen aurrean; hark azaldu zizkiola «Giraldoren bizitzako eta laneko xehetasun guztiak», hil egin ahal izateko. Halaber, 4.000 euro, pistola eta autoa ere Lareok eman zizkiola azaldu zuen Arandigoienek testigantzan.

Horiek hala, fiskalaren ustetan, Lareo ez da «hilketaren sustatzaile hutsa». Gainontzeko akusatuak «kontrolatu» dituela ondorioztatu du, baita «esku-hartze zuzena» izan duela ere, «ezinbesteko informazioa helaraziz eta hilketa egiteko dirua emanez». Fiskalak hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Lareorentzat hilketagatik, eta beste lau urtekoa justizia oztopatzeagatik.

Garcia eta Igari ere hilketarako «ezinbestekotzat» jo ditu fiskalak. Haren esanetan, Garciaren parte-hartzea Arandigoienek bidali zion mezuak frogatzen du. Hilketa egina zegoela esan zion. Gainera, Arandigoieni Kolonbiara ihes egiteko dirua eman izana ere leporatzen dio fiskalak Garciari.Igarik, berriz, soldatapeko hiltzaileak bilatzeko lana berea izan zela onartu du epaiketan.

Akusazio partikularrak oro har bat egin du Fiskaltzak azaldutakoarekin. Hala ere, bada ados agertu ez diren puntu bat. Fiskalak Sanchezi baino ez dio leporatzen Yamiled Giraldoren semea hiltzeko ahalegina. Akusazio partikularrak, ordea, Arandigoieni ere egozten dio delitu hori. «Hilketa gelditzeko aukera izan zuen umea han zegoela jakitean, baina Sanchezen zain geratu zen».

Etxean giltzapetua

Bestalde, senda-agiria eskatuta, ospitaletik atera da igande arratsaldean Elgoibarko (Gipuzkoa) eraikin batetik erori zen 30 urteko emakumea. Bikotekidearengandik ihes egiten saiatu zenean erori zen, bost metrora zegoen leiho batetik, patiora.

Ertzaintzak haren bikotekidea atxilotu zuen, 36 urteko gizonezko bat, emakumeen aurkako indarkeria egotzita. Atzo arratsaldean igaro zen epailearen aurretik, eta aske geratu da. Hamabostean behin, baina, epaitegitik igaro beharko du. Iazko martxoan ere emakumeen aurkako indarkeria kasu bat egotzi zioten. Aurreko bikotekidea izan zen biktima harako hartan.

Ustezko erasotzaileak bahituta eduki du emakumea.Herrizaingo Sailaren arabera, etxetik alde egingo zuela esan ziolako, asteburu osoan giltzapetuta izan du. Auzokoek deituta joan ziren ertzainak etxebizitzara. Iritsi eta txirrina jo zutenean, inork ez zien atea ireki. Hala ere, barrutik zetozen garrasiak entzun zituzten. Gainera, patiora ematen zuen leihotik, arropa eskegitzeko soketatik eskegita eta patiora erotzenikusi zuten emakumea.

Jasotako kolpeak zirela eta, Mendaroko ospitalera eraman zuten. Bitartean, etxebizitzako atea irekitzea lortu zuten ertzainek, eta barruan ustezko erasotzailea atxilotu. Ertzainei oldartu zitzaiela azaldu du Herrizaingo Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.