'De Miguel auzia'

Fiskaltzak berretsi du "mafia" baten gisan aritzen zirela auzipetuak

Azken ondorioak azaltzen hasi da gaur Arabako Fiskaltza, eta hasierako tesia berretsi du: ustelkeria sare bat eraiki zuten, tartean, EAJko burukide ohiek, eta "hertsatze" bidez kobratzen zituzten komisioak kontratu publikoak esleitzearen truke.

Alfredo de Miguel —eskuinean—, gaur, Arabako Lurralde auzitegira bidean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2018ko azaroaren 26a
09:31
Entzun

Aldeek azken ondorioak aurkeztea baino ez da falta De Miguel auziko ahozko epaiketa amaitzeko. Azaroan 20a ziren hastekoak horretan, baina atzerapen bat tarteko, gaur ekin diote azken faseari: Arabako Lurralde auzitegiko fiskal Josu Izagirrek hartu du hitza, ondorioak aurkezten hasteko. Ez da ezustekorik izan; Izagirrek berretsi du legez kanpoko komisioak kobratzeko sare bat osatu zutela auzipetuek —asko dira EAJko buruzagi ohiak—, eta, besteak beste, "hertsatze" estrategiak erabiliz lortzen zutela hori. Sare horrek "mafia" baten gisan funtzionatzen zuela esan du, hain zuzen. Aitortu duenez, "bertigo handia" sentitu zuen kasua bere esku geratu zenean, baina ziurtatu du sendoak direla salaketa egin zuen enpresariak emandako frogak.

Alfredo De Miguel da auzipetu nagusia, eskaerak berresteko saioan, 29 urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak harentzat. Aitor Telleriaren eta Koldo Otxandianoren kasuan, berriz, hamahiru urteko eta zazpi hilabeteko zigora eskatu zuen bakoitzarentzat. Hau da, erdira murriztu zituen fiskalak hasierako eskaerak. Urtarrilean hasi zen Euskal Herrian inoiz ikertutako ustelkeria auzirik handiena, 26 akusaturekin. Besteak beste, eroskeria, influentzia trafikoa eta dirua zuritzea leporatuta.

Joan den urtarrilean hasi zen 26 auzipetuen aurkako epaiketa, eta irailean ekin zioten inputatuek deklaratzeari. Hil horren amaieran, ordea, fiskalak epaileari eskatu zion bi asteko epea emateko akusatuekin negoziatzeko, eta, ondoren, luzapena eskatu zuen. Inputatu nagusiekin akordiorik lortu gabe hasi zen berriz ere epaiketa joan den urrian, baina beste zenbaitek aitortu zuten De Miguelen sare horren parte izan zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.