Bizkaiko fiskaltzak bi edo hiru urteko espetxe zigorrak eskatu ditu Cabieces auzian auzipetutako hiru lagunentzat: Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn ordezkari izandakoarentzat, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiarentzat eta Rafael Alkorta abokatuarentzat.
Bina urte eta 6.000 euro eskatu ditu auzipetu bakoitzarentzat administrazioarekiko desleial jokatzeagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik; bestela, hiru urtekoa, dirua modu bidegabean jabetzeagatik eta dokumentuan faltsutzeagatik. Fiskaltzaren iritziz, Fernandezek, Alkortaren bulegoaren bidez, 243.000 euro eman zizkion Cabiecesi, modu irregularrean.
Delitua egin izanaren “nahikoa zantzu” badaudelakoan, Cabieces auzia ahozko epaiketara eramatea erabaki zuen ekainean Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, auzipetuen helegiteak atzera botata.
"Estatu politika"
Duela urtebete azaleratu zen auzia, Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurkako salaketa jarri zuenean. Salaketa horren arabera, Cabiecesek hilero 5.783 euro jasotzen zituen, behar bezala justifikatu ez diren zerbitzu juridiko batzuengatik. Hiru urte iraun zuen akordio horrek.
Auziak eztanda egin eta gutxira Fernandezek fiskalaren aurrean aitortu egin zuen PPko goi arduradun batek 2012ko hasieran egindako dei batek eragin zuela Kutxabankek Cabiecesi “lan irteera bat” ematea, eta adierazi zuen “estatu politika” baten ondorio zela hura. Eta ETAren aurkako borrokaren aitzakian “idatzi gabeko legea” aitzaki gisa harturik ordaindu zitzaizkiola hiru urtean hilero 6.000 euro inguru Cabiecesi.