Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Arturo Cubillas deportatua estraditatu dezala eskatu dio Eloy Velasco epaileari. Fiskaltzak dioenez, Cubillasek Venezuelako herritartasuna izateak ez du «oztopo» izan behar hura espainiaratzeko. Joan den astean Venezuelako fiskal nagusiak adierazi zuen Arturo Cubillas ezin dutela Espainiaratu, Venezuelako herritartasuna duelako. Venezuelako Konstituzioak 69. artikuluan zehazten du venezuelarrak direnak edo han bizi direlako herritartasuna hartu dutenak ezin direla estraditatu.
Haatik, Vicente Gonzalez Mota fiskalak Eloy Velasco epaileari igorritako idatziangogoratu duVenezuela eta Espainiaren artean 1989an sinatutako itunak aukera ematen duela estradizio eskaera aurrera eramateko. Itun horren arabera, «hautazkoa» da Venezuelak herritartasun arrazoiengatik estradizioari uko egitea. Gainera, Espainiak eskaera eginez gero, Venezuela Cubillasen ustezko «krimen delituak jazartzera» eta hura epaitzera behartuta dagoelagogoratu du Fiskaltzak.
Cubillasen estradizioa eskatzeko arrazoiak pisuzkoak direla uste du Fiskaltzak. Auzitegi Nazionalak, besteak beste, «talde terroristei» laguntzea eta atentatuak egiten saiatzea leporatzen diola gogoratu du idazkian.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak jakinarazi du Espainiako Gobernuak Arturo Cubillasen estradizioa eskatuko duela, berehala, epaileak eskaera egin eta hurrengo egunean. Erabakia epaileari dagokiola gogoratu du Barne ministroak.
Fiskaltzak Cubillas estraditatzeko eskatu dio epaileari
Auzitegi Nazionaleko fiskalak dio ez dela «oztopo» izan behar Cubillasek Venezuelako herritartasuna izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu