Politika

Fiskaltzak EAE-ANVren jarduerak otsailaren 11 baino lehenago eteteko eskatu du

Gaur aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean alderdi hura legez kanpo uzteko eskaera. EAE-ANVk martxoaren 9ko Espainiako hauteskundeetan parte har dezan galaraztea nahi du.

2008ko urtarrilaren 31
15:59
Entzun
109 orrialdeko txosten baten bidez eskatu du Espainiako Fiskaltzak gaur Auzitegi Gorenean EAE-ANV legez kanpo uzteko. Zehazki, Antonio Narvaez Rodriguezek auzi kontetzioso-administratiboetako fiskalburuak aurkeztu du eskaria Goreneko 61eko Salan, 11:10ean, eta, alderdi haren legez kanporatzea ez ezik, "era guztietako jarduerak" otsailaren 11 baino lehen eteteko eskatu du, Espainiako hauteskundeetan parte har dezan eragozteko. Martxoaren 9an izango dira bozak, eta hautagaitzak balekotzat otsailaren 11an joko dituzte.

Besteak beste, hauteskundeotara aurkeztea debekatzeko, alderdiaren egoitzak ixteko, diru publiko bidezko finantzaketa bertan behera uzteko eta diru kontuak bahitzeko eskatu du.

Candido Conde-Pumpido fiskal nagusiak joan den astean aurreratu zuenez, EAE-ANVk "behin eta berriz" Batasunarekin "lankidetza harremanak" izan dituela eta biek diru kontuetan "hartu-eman estua" dutela. Fiskaltzak berretsi egin du hori gaur, eta ETAren atentaturik ez duela gaitzetsi argudiatu du. "Batasunaren diskurtso klasikoa bere egin du azkenean", dio Narvaezek.

EAE-ANV Abiadura Handiko Trenaren (AHT) trenaren kontra ere badagoela dio Fiskaltzak, "eta hor ere Batasunaren eta ETAren mehatxuak bere egin ditu".

Fiskaltzak asteartean aurkeztu zuen EHAK legez kanporatzeko eskaera. Horretaz gain, alderdiaren legez kanporatzearen ondorio liratekeen neurriak ezer epaitu aurretik hartzeko eskatu du, badaezpadako neurri gisa: jardun politikoa debekatzeko, egoitzak ixteko, diru kontu guztiak bahitzeko eta hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.