politika

Fiskaltzak ere Sortu ez legeztatzeko eskatu du, ez duelako ETA desagertzeko galdegin

Fiskaltzaren arabera, ezker abertzaleko alderdiak, legezko izan aurretik, biktimekiko "dudarik gabeko aitortza" egin beharko luke. Auzitegi Konstituzionalak ez dauka epe jakinik erabakia hartzeko. Sortuk azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko, urriaren 7a baino lehen erabaki beharko luke auzitegiak. 

2011ko irailaren 21a
18:27
Entzun

Herenegun Estatuaren abokatuak aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Sortu ezker abertzaleko alderdiaren defentsaren babes helegitearen aurkako alegazioen idazkia, eta gaur Fiskaltzak, eta hark bezala, Fiskaltzak ere ez legeztatzeko eskatu du, Sortuk ez duelako ETAren desagerpena galdegin eta legezko izan aurretik ETAren biktimekiko "dudarik gabeko aitortza" egin beharko lukeelako.

ETA desegin ez dela-eta ezker abertzaleko alderdia ez legeztatzea "sozialki premiazkoa da", Fiskaltzaren arabera. "Sortu balego, haren bidez baliatuko lirateke ETA eta Batasuna".

Konstituzionala orain hasiko da gaia aztertzen, Sortu legeztatzeko edo ez erabakitzeko. Ez dauka epe jakinik erabakia hartzeko baina, azaroaren 20an Espainiako hauteskundeak izango direla kontuan hartuta, baliteke azkar ebaztea. Alderdi hark azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko, urriaren 7a baino lehen erabaki beharko luke Konstituzionalak. 

Estatuaren abokatuak bere idatzian esan du Sortu eta ETAren artean ez dagoela urruntzerik. "Ez da egon urruntze, arbuio eta gaitzespen adierazpenik". 

Joan den martxoaren 23an Auzitegi Gorenak Sortu ez erregistratzea erabaki zuen, eta alderdiaren abokatuek horren kontrako helegitea sartu zuten Konstituzionalean maiatzaren 18an, legez kanporatzea "badaezpadakoa" izan delakoan.

Goreneko 61eko aretoko bederatzi epailek bat egin zuten Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak inpugnazioetan aurkeztutako tesiarekin; alegia, Sortu ezker abertzaleko legez kanpoko alderdien "segida" dela. Zazpi magistratu Goreneko gehiengoaren erabakiaren kontra azaldu ziren, eta boto partikularra eman zuten.

Sortuk aurtengo otsailaren 7an aurkeztu zituen bere estatutuak, Bilbon, Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Handik bi egunera joan zen Madrilera, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan erregistratzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.