Ezker abertzaleko hautesle eta oinarri sozialari EAE-ANVri botoa emateko deia egin zion atzo Iruñean Pernando Barrena buruzagiak. Adierazpen horren ondoren, aipatutako indar politikoa ilegalizatzearen inguruko eztabaida suspertu da berriro zenbait sektoretan, Espainiako Fiskaltzak ez du aurreikusten, oraingoz, horregatik EAE-ANV legez kanporatzearen eskaera egitea. Fiskaltza, hori bai, EAE-ANV "zaintzen" ari da. "Batasunak botoa eskatzea beste zantzu bat da, baina ez da nahikoa EAE-ANV legez kanporatzeko", esan dute Fiskaltzako iturriek.
Barrenak deialdia egin eta lasterrera eskatu zuen PPk EAE-ANVren ilegalizazioa. Gainera, El Pais egunkariak atzo bertan plazaratu zuen elkarrizketan hauteskundeak bitartean EAE-ANV hurbiletik segituko dutela ohartarazi zuen Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak, eta halako deialdi bat ilegalizatzeko arrazoi izan zitekeela iradoki zuen.
Iritzi berekoa da PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko ahaldun nagusitarako hautagaiaren iduriko, ordea, deialdi hori, huts-hutsean, ez da EAE-ANV ilegalizatzeko besteko arrazoia. "Fiskaltzako iturriek esan duten bezala egia da oinarri sozialiei ANV babesteko berariazko deialdia egin diotela, baina nik uste dut berez deialdi hori ez dela ilegalizatzeko besteko arrazoi legala. Hala ere, zio bat gehiago izan liteke, eta beste batzuei batuz gero ilegalizazioa ekar dezake", esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Egibar eta Patxi Zabaleta
Joseba Egibar EAJren GBBren presidenteak uste du ezker abertzaleak nahi duen alderdia bozkatzeko dei egin dezakeela. Batasunak 2005ean EHAKren alde bozkatzeko dei egin zuela gogoratu du Egibarrek.
Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen lehendakarigaiaren ustez, berriz, "ez zen beharrezkoa" Barrenak dei hori egitea, "mundu osoak ezagutzen dituelako gauzak; gizartea heldua da".
Egibarrek bezala, Zabaletak kritikatu egin du Espainiako Alderdien Legea, eta demokrazian sufragio unibertsala "oinarrizko eskubidea" dela esan du.
M-27. Hauteskundeak
Fiskaltzak ez du aurreikusten EAE-ANV legez kanporatzea "Batasunak botoa eskatzeagatik"
"Beste zantzu bat da, baina ez da nahikoa EAE-ANV legez kanporatzeko", esan dute Fiskaltzako iturriek. Pernando Barrenak egin zuen atzo ezker abertzalearen izenean EAE-ANVri botoa emateko deia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu