'Cabacas auzia'

Fiskaltzak ez du deliturik ikusten Cabacasen heriotza eragin zuten gertakarietan

"Deliturik gabe delitugilerik ere ez" dagoela argudiatuta, absoluzioa eskatu du txostenean.

Cabacasen heriotza salatzeko elkarretaratze bat, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, ARGASKI PRESS
2018ko otsailaren 20a
15:39
Entzun

Cabacas auziko instrukzio epailearen arabera, "zuhurtziagabekeriazko giza hilketa" egin zuten Ertzaintzako hiru arduradunek 2012ko apirilaren 5eko gau hartan tiro egiteko agindu zutenean, "jakinik ez zirela betetzen ekintzarako oinarrizko baldintzak". Ana Torres epaileak dioenez, jendea harrapatuta geratu zen tiro egin zutenean tunel batean amaitzen zen kale itsu batean, eta gomazko pilotak jaurti zituztenean ez zegoen hori arrazoitzen zuen "arrisku egoerarik".

Pilar Gimenez fiskalaren irizpidea, berriz, oso bestelakoa da. Haren esanetan, Iñigo Cabacas pilotakada batez hil zen gauean "ez zen deliturik izan", eta, deliturik izan ez bazen, "ezin liteke delitugilerik izan".

Gara-k zabaldutako informazioaren arabera, fiskalak 11 lerrotan jaso du gau hartan gertatutakoa, eta ondorioztatu du ikerketa baten ostean "ezinezko" izan zela argitzea nork egin zuen Cabacasen heriotza eragin zuen tiroa, eta agindua nork eman zuen. Hortaz, eta "delitugilerik ez dagoenez", absoluzioaren alde agertu da fiskala.

Gomazko pilota batek buruan jo eta bost egunera hil zen Cabacas. Instrukzio fase luze baten ostean, Torres epaileak epaileak erabaki zuen epaiketa egiteko tramiteak hastea joan den apirilean, eta hiru ertzain auzipetzea. Geroago, iazko uztailean, hiru ertzain horiei beste hiru gehitu zizkien Bizkaiko Auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.