Fiskaltzak helegitea jarriko dio konpartsakideen epaiari

Jaurlaritza ez dago ados Auzitegi Nazionaleko epaiarekin, eta «zero tolerantzia» politikari eutsi egingo diola dio

Erredakzioa
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Presoen argazkiak erakustea ez dela delitu argudiatuta Txori Barroteren txosnako lau konpartsakide absolbitzeko erabakiari kasazio helegitea jarriko dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Auzitegi Gorenean. Fiskaltzak ez du bat egin herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako ebazpenak dioenarekin, uste duelako presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapenarekin «terroristak» jendaurrean goratu nahi zituztela konpartsakideek. 2008ko Bilboko Aste Nagusian Txori Barroteren txosnan Bilboko presoen argazkiak erakutsi izanagatik irailean epaitu zituzten lau konpartsakideak absolbitzeko erabakia hartu zuen ostiralean Auzitegi Nazionalak, argazkiak jartzeak «terrorismoa goratzeko» eta «biktimak umiliatzeko» helbururik ez zuela arrazoituta.

Auzitegi Nazionaleko epai horrekin ez du bat egiten PSE-EEk. Areago, Herrizaingo Sailak presoen irudien aurka daraman politika beharrezkoa dela eta «zero tolerantziari» eutsi egin beharko liokeela esan du Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak. Haren irudiko, presoen irudiak erakustea «ikuspuntu politiko batetik, guztiz gaitzesgarria» da. Prietoren ustez, Auzitegi Nazionalaren ebazpenak agerian uzten du legearen eta etikaren mugak zehaztu beharra daudela: «Kasu batzuetan berez etika kolektibotik kanpo egon beharko luketen jarrerak ez daude behar beste zehaztuta legeetan».

Eusko Jaurlaritza ere ez dator bat ebazpenarekin. Rafael Iturriaga Segurtasunerako sailburuordeak esan duenez, Jaurlaritzak uste du epaileak «gaizki» interpretatu duela Zigor Kodeak «terrorismoa goratzeari» buruz dioena. Hala, gobernuak orain arteko politikari «kosta ahala kosta» eutsi egingo diola ziurtatu du.

Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramailearen ustez, presoen argazkiak erakustea «ETAk gizartea mehatxatzeko duen azpijokoaren zati bat» baino ez da. Haren ustez, «jakina» da presoen irudiak erakusten dituztenek ez dituztela eskubideak aldarrikatzen eta «erakunde terroristak» defenditzen ari direla.

Jaurlaritzaren «porrota»

EAJko Joseba Egibar eledunak adierazi du presoen irudiak erakustea «kasu gehienetan» ez dela delitu. Auziaren oinarria «mendekua» bilatzen duen espetxe politikan dagoela erantsi du. Horren haritik, Egibarrek honakoa gehitu du: «Askatasuna ez duten pertsonek ere euren eskubideak dituzte, eta eztabaida horri heldu beharra dago».

Aralarren eta Ezker Batuaren iritziz, bestalde, Herrizaingo Sailaren politikaren «porrota» da Auzitegi Nazionalaren ebazpena. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen esanetan, epaia «kolpea» da ETAren aitzakia erabiliz oinarrizko eskubideak urratzen dituztenentzat, eta «albiste ona» da Euskal Herrian eskubideen murrizketen aurka lan egiten dabiltzanentzat.

Serafin Llamas Ezker Batuko eledunarentzat, berriz, Jaurlaritzaren politikaren «porrotaren» isla da epaia, eta Herrizaingo Sailaren estrategia «zalantzan» jartzen du. Estrategia horrekin presoak Euskal Herrira hurbiltzeko bezalako aldarrikapen «demokratiko eta zilegiak» zigortu nahi direla salatu du Llamasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.