Auzitegi Nazionaleko medikuek Josu Uribetxebarria preso gaixoaren osasun egoeraren inguruko txostena amaituko dute gaur, Donostiako Ospitaleko medikuek sinatutako agiria jaso ondoren. Horrela, Fiskaltzak auziari buruz bere iritzia emateko eskatu dituen txosten guztiak "osatuta" eta esku artean izango ditu gaur bertan.
Iragan ostiralean, ospitaleko diagnostikoa jaso berritan, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Uribetxebarriari hirugarren gradua eman zion, presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ulertuta. Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa zen. Hurrengoa, Auzitegi Nazionalaren erabakia.
Astelehenean, baina, ezagutu zen hamar egunez atzeratu daitekeela presoa askatzearen inguruko erabakia, Fiskaltzak ez zuelako balezkotzat eman Donostiako Ospitaleak bidalitako txostena —Espetxeetako Zuzendaritzak bermatu arren—. Fiskaltzak argudiatu duenez, auziari buruz bere iritzia emateko eskatu dituen txostenak edo ez ditu jaso edo ez dira nahikoak. Horren harira, galdegin du mediku txostena "osatzea"; hots, presoaren mediku historia eta aurrekariak gehitzea eta medikuek banan-banan sinatzea txostena, eta ez mediku batzorde batek.
Orain, Auzitegi Nazionaleko medikuek Donostiako Ospitalearen txosten berria aztertu dute eta beste bat egin dute, Santiago Pedraz ordezko epaileak agindu bezala. Litekeena da gaur bertan helaraztea azken txostena Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari. Berea da azkeneko hitza, baldintzapean aske uztea edo ez. Epaileak 10 bat eguneko epea du azken erabakia hartzeko.
Bitartean, Uribetxebarriak gose greba uztea erabaki zuen atzo, bi asteren ondoren. Herrira mugimenduaren arabera, "erabat ahul" dago, eta horregatik utzi du gose greba, "bizitza lehenesteko". Gaixo dagoen presoak abuztuaren 8an ekin zion gose grebari, Donostiako Ospitaleko ziegan, bere "muturreko" egoera salatzeko. Preso arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin, eta larri dago, atzera bueltarik gabe. Medikuek ere gose greba eteteko agindu diote presoari zorabiatu eta lurrera erori ostean.
"Euskal gizarteak du lekukoa orain"
Donostiako Ospitaleko eguneroko elkarretaratzeek aurrera segitzen dute, eta ospitale aurrean gose greban dauden 12 lagunek protestan jarraitzeko asmoa erakutsi dute Uribetxebarria aske uzten duten arte. Haietako batzuek 13 egun daramatzate baraurik eta bataz beste hamar kilo galdu dituzte. Hamabi lagun horiek dei egin diete herritarrei gose grebara batzeko, gaur goizeko 11:00etatik aurrera. Eta erantzuna zabala izan da. Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kidearen arabera 30 lagun aurkitzen dira gose greba une honetan.
Euskal Herri osoan zehar mobilizazioak ugaltzeko deia ere egin dute Herrira mugimendutik: "Kalean egoteko unea da. Egoera hau ezin da errepikatu". Astebururako hainbat protesta antolatuko dituztela adierazi du Zarrabeitiak. EH Bilduk bere atxikimendua eman die mobilizazioei eta herritarrei dei egin bihar Bilbon burutuko den manifestazioan parte hartzera (12:30ean, Moyua plazan).