Atxiloketak

Fiskaltzarekin akordioa egina zuten beste bi gazte espetxeratu dituzte

Mikel Lizarribar eta Leire Urrutia Ertzaintzak atxilotu ditu, 2 urteko zigorra bete dezaten. Iragan ekainean epaitu zituzten bi gazte horiekin, beste 17rekin batera. Haietatik bederatzik 2 urteko zigorra onartzea hitzartu zuten fiskaltzarekin, baina Auzitegi Nazionalak ez zutela zigorra bete beharko hitzemanda. Orain, ordea, gazte horiek espetxeratzen hasi dira.

2007ko abenduaren 19a
16:05
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako atxilotze aginduekin jarraituz, Mikel Lizarribar eta Leire Urrutia atzeman ditu Ertzaintzak, eta 2 urteko zigorra bete dezaten espetxeratu. Astelehenean haiekin batera atxilotutako eta haiei bezala 2 urteko espetxe zigorra ezarritako Igor Zearreta eta Egoitz Fernandez atxilotu zituzten.

Gazte horiek guztiek -eta beste bostek- Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin akordioa egin zuten ekainean epaitu zituztenean: 2 urteko zigorra onartu zuten, baina Auzitegi Nazionalak ez zutela bete beharko hitzemanda. Akordioa hautsi egin du, ordea, Auzitegi Nazionalak eta atxilotzeko agindua eman du. Horrenbestez, dagoeneko espetxeratu dituztenez gain, Inma Basabe, Gaizka Larrinaga, Iñaki Peña, Sonia Martin eta Janire Couceiro atxilotzeko agindua emanda dago.

Tortura salaketak

2004an Auzitegi Nazionalak aginduta Guardia Zibilak abiatu zuen polizia operazioan du abiapuntua auzi honek. Guztira 30 pertsonen kontrako diligentziak irekitzea eragin zuen. 14k salatu zituzten torturak eta 2007ko ekainean 19 pertsona epaitu zituzten. Baina aurretik defentsak eta fiskalak akordioa egin zuten. Epaiketa «antzerki hutsa» izan zen. Zuluetak azaldu zuen bazekitela auzi honetan ez zela inor zigortzeko frogarik, oinarri bakarra torturapean hartutako adierazpenak zirelako, «baina ikusita torturetan oinarrituta asko direla Auzitegi Nazionalak zigortu dituenak, auzipetuekin hitz egin eta negoziazio prozesuan sartzea erabaki genuen». Akordioak zertan zetzan zehaztu zuen. 19 lagunetatik bost absolbitu, kartzelan zeuden bost lagunetatik lauk ETArekin kolaboratzen zutela onartzera behartu eta bost urteko kartzela zigorra ezarri, bi urte eta zazpi hilabete preso zeraman beste lagun bati denbora bereko zigorra jarri eta kaleratu, eta gainerako bederatziei bina urteko kartzela zigorra jarriko zietela hitzartu zuten; baina ez zutela espetxera joan beharko ere bai. Zuluetak esan zuenez, fiskalak eta defentsak akordioa itxi zuten Auzitegi Nazionaleko 4. salaren onespenarekin. «Bagenekien xantaia zela, akordioa onartu genuen, nahiz eta akusatuek jazarpen eta tortura gogorrak jaso zituzten, eta auzitegiak tratu horrekin egoera horiek ezkutatu nahi zituen».

Bi urteko zigorra ezartzen dieten pertsonak baldintzapeko askatasunean uzten dituztela esan zuen Zuluetak. Epaia legearekin bat ez datorrela ere azaldu zuen, eta, Auzitegi Konstituzionaleraino joko dutela iragarri zuen.

MANIFESTAZIOA LARUNBATEAN. Virumbralesek Estatuaren «inpunitatea» salatu zuen: inpunitatea torturatzeko, espetxeratzeko eta oinarrizko eskubideak bortxatzeko. Bide polizialak porrot egingo duela ohartarazi eta estatuaren «inpunitateari» erantzutera deitu dute. Larunbatean manifestaziora deitu dute, 19:30ean, Bilboko Bihotz Sakratutik abiatuta. Agerraldian auzipetuek ere hartu zuten hitza. ohartarazi zuten edozeini gerta dakiokeela eurek dauden egoeran egotea, baina, Euskal Herriko eskubideen alde lanean segituko dutela esan zuten, «atxilotu edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.