Fleuryko espetxezain batek Igor Suberbiola jo duela salatu du AAMk

Ateko behatxuloa estali izanagatik, ukabilkada bat eman zion; ziegan argirik ez zuela salatu nahi zuen presoak

Erredakzioa
Baiona
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Fleuryko presondegian (Frantzia) espetxezain batek Igor Suberbiola presoa jo duela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Abenduaren 13an izan zen erasoa. Mugimenduak jakinarazi duenez, ziegan inongo argindarrik ez zuelako protesta egin zuen Suberbiolak, ateko behatxuloa estaliz. Orduan, espetxezain batek ziegan sartu eta ukabilkada bat eman zion bularrean.

Bestalde, Haimar Arozena euskal presoak gose greba hasi zuen herenegun, Espainiara ez dezaten eskatzeko. Fleuryko espetxean da Arozena ere, eta urtarrilaren 5ean da aske geratzekoa. Espetxetik irtetean Espainiaratu egin dezaketela uste du presoak, eta aukera horren aurka protesta egiteko hasi du gose greba.

2007ko otsailaren 2an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Arozena. Espetxean sartu zuten, eta, epaitu ondoren, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

AAMk ere arriskua ikusten dio kanporatzeari, Espainiako Poliziak Arozena atxilotu, inkomunikatu eta torturatu dezakeela uste baitu. Kezkak badu mamia, AAMren iritziz: 2010ean, 63 izan dira Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aurkako tortura salaketak. Frantziako Gobernuaren jarrera ere salatu du, euskal herritarrak «torturatzaile espainiarren esku» uzteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.