Frantziako Eskualdeetako bozak

FN, esku hutsik

Sei eskualdetan lehen indarra izan zen Fronte Nazionala bozetako lehen itzulian.

Marine Le Pen. OLIVIER HOSLET / EFE
2015eko abenduaren 14a
07:48
Entzun

FNk bi edo hiru eskualdetan irabazteko aukerak zituela uste zen, baina ez du eskualde bat bera ere gobernatuko. Frantzia iparreko Nord-Pas-de-Calais-Pikardian, hain zuzen, Xavier Bertrand Errepublikanoak alderdikoak irabaziko lituzke hauteskundeak, bozen %58rekin. Marine Le Pen FNko liderrak, berriz, bozen %41,9 lortuko lituzke.

%58,53koa izan da parte hartzea; lehen itzulian, berriz, %49koa izan zen. Hortaz, ia hamar puntu hazi da parte hartzea.

Provence-Alpes-Cote-d'Azur (PACA) eskualdean ere Errepublikanoak aterako lirateke garaile: behin-behineko emaitzek bozen %55,8 ematen dizkiote Christian Estrosiri, eta Marion Marechal Le Peni, berriz, %44,2. Eskuinaren eta ezkerraren artean banatuko dituzte eskualde guziak, beraz. Honela geldituko da Frantziako mapa: bortz eskualdetan ezkerra garaile, zazpi Errepublikanoak, eta abertzaleak Korsikan.

Ezein eskualdetan ez irabazita ere, emaitza ona lortu du FNk: 6,82 milioi boto eskuratu ditu, lehen itzulian baino 800.000 gehiago, eta inoiz hauteskunde batean lortutako emaitza onena gainditu du —2012an, 6,4 milioi boto jaso zituen—.

Korsikan, abertzaleak garaile

Femu a Corsica eta Corsica Libera alderdiek koalizioa egina zuten bigarren itzulirako, eta ezustekoa eman dute: Gilles Simeoni Bastiako auzapeza buru duen zerrendak irabazi ditu hauteskundeak, bozen %37 lortuta. Gibeletik ditu Paul Giacobbiren ezkerreko zerrenda, botoen %28,9rekin, eta Jose Rossiren eskuineko koalizioa, bozen %25ekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.