Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak 2016an hauteskunde plebiszitarioak egiteko aukera aldeztu eta gero, Oriol Junqueras ERCko presidenteak ohartarazi dio Kataluniak "2014an" erabaki behar duela bere etorkizuna.
"2014an erabaki behar dugu gure etorkizuna, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin", azaldu du Twitter sare sozialean idatzitako mezu batean. "Independentzia, zenbat eta lehenago, orduan eta hobeto", erantsi du.
El 2014 hem de decidir el nostre futur, i farem tot el q estigui a les nostres mans perquè sigui així. La independència com més aviat millor
— Oriol Junqueras (@junqueras) September 5, 2013
ANC: "Honi ezin zaio 2016ra arte eutsi"
Carme Forcadell Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak ere berehala erantzun dio Masi. Vilaweb atariari eginiko adierazpenetan, Forcadellek eskatu du "ahal bezain azkar" egiteko galdeketa, "eta ezin bada galdeketa egin, beste bide batzuk daude, baina horiek ere ahalik eta azkarren egin behar dira".
Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak, berriz, "tentsioa igotzea" egotzi dio Masi, 2016ra arte "entretenituta" egoteko. "Hauteskunde plebiszitarioen kontu honi iragarki kanpaina baten antza hartzen diot, tentsio giroa handitu eta 2016ra arte entretenituta egoteko. [Mas] ez du kezkatzen herritarren sufrimenduak, bere kezka independentziarantz aurrera egitea baita", esan du RNE irratian.