Konponbideari begira

Foro Sozialak "elkarbizitza demokratikorako oinarriak finkatzea" du helburu datozen hilabeteetarako

Foro Sozial Iraunkorrak ikasturte berrirako ezarri dituen lan ildoak aurkeztu ditu. "Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko" hiru ardatz jorratuko ditu: biktima guztien aitortza, presoentzako irtenbide integrala eta memoria inklusiboa.

Nekane Alzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, gaur, Bilbon. FOKU
2018ko irailaren 3a
07:21
Entzun

Agus Hernan eta Nekane Alzelai Foro Sozial Iraunkorreko kideek hasi berri den ikasturterako helburu eta erronkak aurkeztu dituzte gaur, Bilbon egin duten prentsaurreko batean. Azaldu dutenez, datozen hilabeteetarako erronka nagusia "elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak finkatzea da, bake eta giza eskubideen kultura batean oinarrituta".

Foroko kideen esanetan, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da biktima guztiak aitortzea. "Biktima bakar bat ere bakarrik eta aitortu gabe berriro ez sentitzea da gure helburua". Auzi horri heltzeko ari dira prestatzen V. Foro Soziala. Urriaren 5ean eta 6an egingo da, Iruñean eta Bilbon, Egia ezagutzeko eskubidea: biktimentzako aitortza eta erreparaziorako tresnak izenburupean. Hainbat arlotako adituek parte hartuko dute foro horretan.

Horrez gain, Hernanek eta Alzelaik azaldu dute lanean jarraituko dutela indarkeria mota desberdinen biktimekin, baita "argitu gabeko" eta "egiarik gabeko" kasuekin ere. Azken horiek 482 zirela jaso zuen foroak martxoan aurkeztu zuen txostenean.

Presoak gizarteratzeko urratsak egiteko beharra ere nabarmendu dute Hernanek eta Alzelaik. "Iragarritako pausoak ez emateak frustrazioa eragingo zuela nabarmendu genuen orain dela egun batzuk. Gizartearen beste sektore guztiak bezala, [Espainiako] Barne ministroak joan den asteazkenean iragarritako pausoak noiz gauzatuko zain gaude".

Foroak presoentzako konponbide integral bat galdegin du, "elkarbizitza demokratikorako ekarpen bat" dela argudiatuta. Nabarmendu dutenez, Euskal Herrian adostasun zabala dago gain horren inguruan, eta Espainiako Gobernuak norabide horretan neurriak hartzeko babesa izango luke Espainiako Kongresuan. Pedro Sanchezen gobernuak berak ezarritako urgentziazko arloetan  pausoak ematen hasteko eskatu dio Madrili.

Azkenik, gatazkaren gaineko "kontakizun guztiak eroso sentitzeko moduko memoria baten oinarriak" eraikitzera deitu du foroak. Heranen eta Alzelaik ohartarazi dute lan horren emaitzan inor ezin dela baztertuta sentitu. "Lan horren emaitzak etorkizunari begiratzea ahalbidetu behar du, gure iragana ahaztu gabe".

Hiru gai horiek ardatz hartuta, datozen hilabeteetan foroak arreta bereziz erreparatu dio Eusko Legebiltzarreko jardunari. Batetik, polizia gehiegikerien biktimentzako legearen moldaketa eztabaidatuko du legebiltzarrak; bestetik, Memoria eta Elkarbizitza lantaldeak eztabaida amaituko du. "Arlo garrantzitsu horietan akordiorako gaitasuna egotea espero dugu. Akordio zabalak eta zeharkakoak erdietsi ezean, biktimek eta jendarte osoak ez lukete ulertuko".

Urkullu, presoei eske

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria espetxe politika moldatzearen alde agertu da, gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Aldaketa hori errazteko, "urratsak" eskatu dizkie presoei. Urkulluk nabarmendu du euskal presoen %95 lehen graduan daudela. "Estatuko presoen artean, ziur asko %5 egongo dira lehen graduan. ETAko presoen artean, berriz, %95 daude lehen graduan. Urrats guztiak egiten ari gara hori aldatzeko?". Lehendakariak adierazi du "denon artean" eman behar direla egoera moldatzeko pausoak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.