Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko presidentearekin elkartu dira gaur Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. Bilera sorta baten bukaera izan da, aurretik Junts per Catalunya, PSC, CUP, ERC, Catalunya En Comun Podem, CUP, CCOO eta UGTko kideekin elkartu baitira. Bartzelonako Udalak ekainaren bukaeran onartutakoEuskal Herriko bakearen aldeko adierazpena legebiltzarrera eramateko aukeraz hitz egin dute haiekin. Foroak gaur kaleratu duen oharrean ez du esaten adierazpen hori bera onartuko dutenik, baina bai, legebiltzarraren gehiengoa Euskal Herriko bakearen alde azalduko dela.
Foro Soziala lanean ari da "akordio politiko, sozial eta sindikal zabala" lortzeko presoen auziari "konponbide orekatua" eman eta biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzun nahian, badakielako "sektore batzuk espetxe politikaren aldaketa oztopatzen" saiatuko direla.
Horri aurre egiteko, ahaleginean ari dira "sektore demokraten artean" konplizitateak eraikitzeko eta "konponbidearen aldeko iritzi korrontea sortzeko Estatu espainarrean". Horregatik, Foro Sozialak jakinarazi du asmoa duela Katalunian egindako lana beste lekuetara ere zabaltzeko .