Foru aldundiek zerga fiskalak arinduko dituzte etxeen erosketa errazteko

Lau urtean babes ofizialeko 27.000 etxebizitza egin nahi ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa
2006ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Etxebizitzen erosketa errazte aldera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga fiskalak arintzea erabaki zuten atzo. Horrela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza erosteko orain arte eman diren kreditu fiskalak handitu egingo dira, eta familia moduan desgrabatu beharrean, zerga-ordaintzaile bakoitzak desgrabatu ahal izango du. Etxebizitzen inguruko erreformari buruzko akordioak 2008ko errenta aitorpenei eragingo die, Juan Antonio Zarate Arabako Ogasun diputatuak atzo jakinarazi zuenez.

Etxebizitzen prezioen igoeraren aurrean, zergen sistemaren erreformak bi neurri aurreikusten ditu: batetik, kreditu fiskala zerga-ordaintzaile bakoitzari aplikatuko zaio, eta, beraz, bikote baten kreditua «bikoiztu» egingo da datozen urteetan. Bestetik, kreditu fiskala 30.000 eurotan igoko da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen kreditu fiskala 180.000 eurokoa da, hau da, etxebizitza baten prezioak 180.000 euro arte desgrabatzen du, eta gainerako prezioak ez du desgrabatzen. Hartu berri duten neurriarekin, ordea, etxebizitza batek 200.000 eurora arte desgrabatuko luke.

2006-2009 ETXEBIZITZA PLANA. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga fiskalak arintzeko neurriak iragarri eta gutxira, Eusko Jaurlaritzak 2006-2009 Etxebizitza Planaren berri eman zuen atzo, astearteroko gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Eta, hain justu, plan horren bidez, besteak beste, etxebizitzen zergafiskalak hobetzeko neurriak bultzatu nahi direla azaldu zuen Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Madrazok ez zuen aurreratu neurriok zeintzuk izango diren, eskumen hori hiru foru aldundien esku baitago. Hala ere, Zerga Koordinaziorako Organoaren barnean Eusko Jaurlaritzak zerga fiskalak gutxitzeko neurriak bultzatuko dituela iragarri zuen.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak datozen lau urteetan babes ofizialeko 27.000 etxebizitza bultzatzeko konpromisoa hartu duela jakinarazi zuen atzo Madrazok. Etxebizitza Planean jasota dauden asmo horiek ia bikoiztu egingo dituzte azken urteotako egitasmoetan hartutako konpromisoak. Izan ere, datozen hiru urteetan aurreko planak aurreikusitakoa baino babes ofizialeko%67 etxebizitza gehiago egin nahi ditu Jaurlaritzak. Eta 2000-2003ko planaren datuak aztertuz gero, aurreikusita zegoena baino %93 etxebizitza gehiago.

Babes ofizialeko etxebizitzen kopurua handitzeaz gain, etxebizitza horiekin egiten den iruzurra kontrolatzeko ahaleginak ere handituko ditu Etxebizitza Sailak. Hori da euren helburua, behintzat. Madrazok azaldu zuenez, iruzurraren kontrola ez da soilik babes ofizialeko etxebizitzak emateko orduan egingo, kontrol hori etxebizitza erabiltzen den «denbora tarte guztian» egingo baita.

Gainera, babes ofizialeko etxe horietako gehienak salmentan jarriko dira, eta, horiez gain, beste 8.500 etxebizitza alokairurako izango dira. Aurretik ere sarritan esan izan dute etxebizitzak alokairuan erostea izango dela etorkizuneko irtenbidea, eta euren asmoak beteta, hiru urte barru babestutako pisuen laurdenak alokairuan egotea nahi du Madrazoren Sailak. Hala, 2009rako ia 20.000 pisu alokairuan egotea nahi du, egun daudenak bikoiztuz.

Alokairuan jarriko dituzten 8.500 etxebizitzen erdia baino zertxobait gehiago (%54) Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu. Beste %35 udalen esku egongo dira, eta gainontzeko etxebizitza guztiak (%11) eragile pribatuek kudeatuko dituzte.

ETXEBIDE. Orotara 2.800 milioi euroko aurrekontua du Etxebizitza Planak. Diru kopuru handiena (760 milioi) Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak jarriko du, eta gainontzeko dirua elkarte publikoen bidez finantzatuko da. Madrazoren hitzetan, plan honek Lurzoruaren Legearekin bat egiten du eta egun Etxebiden izena emanda duten 33.250 familia edo pertsonari etxebizitza eskuratzea bermatu nahi zaie. Gaur egun, 76.193 lagunek daukate izena emanda Etxebiden.

Hutsik dauden etxebizitzak ere merkaturatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horiek ere errentan jarri nahi ditu. Zehazki, hutsik dauden 5.000 etxebizitza alokairuan jartzeko asmoa jasotzen du aurkeztutako Planak. Etxeen zaharberritzea bultzatzeko diru laguntzak ere handituko dira, eta hiru urtean 41.000 etxebizitza berritzea aurreikusten du Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.