Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoan gehien bozkatutako indarra izan zen EAJ, eta diputazioa osatzeko lanetan ari da Markel Olano ahaldungai nagusia. Gobernu horren "muina" osatua du jada; "gertuko pertsonak" izango ditu: "Pozgarria izan da denek onartu dutela ardura partekatua".
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Olano. Lehen bozketan gehiengoa osoa beharko luke EAJk aldundia eskuratzeko, edo bigarrenean gehiengo soila. Horren harira, esan du "aukera handiak" daudela PSErekin ados jartzeko, eta "oso zail" ikusten du EH Bildurekin "oinarrizko akordioak" lortzea, aurreko legealdian "talka handia" izan dutela argudiatuta.
Aurreko foru gobernuari egotzi dio "eredu bat inposatu" nahi izatea herritarrei, oposizioko gehiengoaren borondatearen aurka: "Jokaleku hori ez da errepikatuko".