Inbertsio segurua eta irabazi handiak. Horiek ziren Forum Filatelico enpresak inbertitzaileei eskaintzen zizkienak. Asko izan ziren ingurukoek aholkatuta bertan inbertitzea erabaki zutenak. Ordea, 2006ko maiatzean milaka pertsonaren bizimodua hankaz gora jarri zuen Fernando Grande-Marlasca epailearen aginduak. Ustelkeria eta dirua zuritzea egotzita itxi zuten Forum, eta gaur, hamaika urte geroago, hasi dute bertako 29 arduradunen aurkako epaiketa.
Fiskaltzak 27 urteko kartzela zigorra eskatu du Francisco Briones enpresari eta Forumeko akziodun nagusiarentzat. Brionesek emazte eta orduan adingabeak ziren seme-alaben izenean jarri zituen bere ondasunak, epaileak enpresa itxi zuenean. Orotara, 8,6 milioi euro. Ihes eginda dago, harekin batera, enpresako akziodun nagusietako bat zena eta, ikerketaren arabera, irabaziak paradisu fiskaletara bideratzeaz arduratzen zen Carlos Llorca.
1980ko hamarkadan sortu zen Forum Filatelico, eta 260.000 inbertitzaile lortu zituzten, irabazi handien promesak erakarrita; horietako asko euskal herritarrak. Inbertitzaile berriengandik jasotako diruarekin ordaintzen zien funtsak aurretiaz euren dirua emana zutenei.