Aurrera doaz Tafalla eta Puiu artean izandako sutea ikertzeko lanak. Foruzaingoak jakinarazi duenez, DNA aztarnak topatu dituzte sua eragin zuen zigarrokinean. Ordea, horiek norenak diren aurkitzea ez da fikzioan sinetsarazten duten bezain erraza izango. Iturri ofizialen arabera, DNAren datuak nazioarteko CODIS programan sartu dituzte —fitxategi horretan jasotzen dira delituren batengatik zigortutakoen DNA datuak—, eta emaitzen zain daude. Oso posible da, hala ere, zigarrokinean aurkitutako DNA aztarnek ez bat egitea fitxategi horretan jasotzen direnekin.
Orotara, 3.500 hektarea inguru erre zituen abuztu amaieran Tafalla eta Puiu artean piztutako suteak. Nekazaritzako lurrak eta basoak zeuden erretako eremuan. Tafalla aldea "katastrofe eremu" izendatzeko aukera mahai gainean jarri du Nafarroako Gobernuak. Gerora jakin denez, Puiu parean A-15 autobidetik jaurtitako zigarrokin batek eragin zuen sua.