Errektoretzak ezarri nahi dituen erreformen kontra protesta egin zuten joan den astean NUPeko dozenaka ikaslek, "pribatizazioa eta elitismoa" sustatuko direla iritzita. Elkarretaratzea desegin nahian, ikasleei oldartu zitzaien Foruzaingoa: bi pertsona atxilotu zituzten poliziek, desobedientzia leporatuta. Ordu gutxiren buruan aske utzi zituzten.
Foruzaingoaren esku-hartzea "gehiegizkoa" izan zela uste dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko sindikatuek, elkarretaratzea "baketsua" zelako. UGT, LAB, LKN, CCOO, ELA eta Steilasek ohar bateratua plazaratu dute: "Unibertsitatea eztabaidarako tokia da, eta ez poliziaren esku-hartzeak behar duen toki bat".
Errektoreak nola jokatu zuen ere kritikatu dute, hark Foruzaingoari deitzeagatik: "Elkarrizketarako bideak irekitzeko, honelako egoera bat ez errepikatzeko eta erantzukizunak garbitzeko eskatzen dugu". Gainera, NUPeko zuzendaritzari eskatu diote "beharrezkoak diren eginbideak" gauzatzeko "atxilotu edo identifikatu dituzten ikasleek ez dezaten ondoriorik jasan eta ez dadin haien aurkako karguri aurkez".