Gasa fracking edo haustura hidraulikoz ateratzeko debeku eskaria Eusko Legebiltzarrera eramateko pausoa eman dute Arabako Biltzar Nagusiek.Taldeek aho batez onartu dute Bilduk egindako proposamena. Ingurumen Legea aldatzeko eskatu dute Biltzar Nagusiek. Batzordean eztabaidatu, eta osoko bilkuran berretsi beharko dute eskaria.
Araban bederatzi baimen daude emanda gasa haustura hidraulikoz atera daitekeen ikusteko, eta beste hiru eskatuta daude. Zundaketak egin behar dituzte horretarako, eta%90 babestutako guneetan egingo dituztela salatu du Bilduk. «Gune horien balioak arriskuan jarriko lituzkete zundaketek. Horregatik erabaki dugu proposamena premiaz egitea. Behin proposamena onartuta, espero dugu uztailerako osatua egotea legebiltzarrera joango den ordezkaritza», nabarmendu du Bilduko batzarkide Luis Casadok.
Gogorarazi du EuskoJaurlaritzak duela bi urte debekatu egin zuela eremu babestuetan meategiak ustiatzea. Debeku hori kendu nahi dutela salatu du Casadok. «Artikulu hori ez aldatzea eta fracking-aren debekuari aipamen zehatza egitea nahi dugu. Ez dugu onartzenbeste herrialde batzuetan debekatua dagoen teknika bat Araban probatzea». Ingurumenean ez ezik, gasa ateratzeko modu horrek osasunean ere izan ditzakeen arriskuez ohartarazi dute hainbat adituk.
Debeku eskariak jaso arren, Eusko Jaurlaritzak bere asmoei eusten die. Xabier Garmendiak, Industria eta Energia sailburuordeak, ekainaren 7an aurkeztu zuen Euskadiko Energia Estrategia 2020 plana. Datozen urteetarako energia alorrean Jaurlaritzak dituen asmoak jasotzen dira plan horretan. Gas naturalari garrantzi handiagoa ematea proposatu du, eta 2020rako energia horren erabilera %50 handitzea. Garmendiak aurkezpenean berretsi zuen 2015era arte ez dutela erabakiko fracking-ari buruz. «Behar diren azterketa guztiak egingo ditugu, ingurumenaren, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik egitasmoak bideragarriak diren ikusteko. Azterketa horiek guztiak egin eta gero hartuko dugu azken erabakia, baina ez da hiru urte baino lehen izango». herritarrak nahasten ibiltzea egotzi diote Garmendiari gasa haustura hidraulikoz ateratzearen aurka dauden taldeek. Salatu dute erabakia 2015era arte hartu ez arren, zundaketak berdin egingo direla, eta horrek kalteak eragingo dituela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du Jaurlaritzaren energia planaren aurka Aralarrek jarritako helegitea. Otsailaren 17an jo zuen auzitara Aralarrek, planak ingurumen eraginari buruzko azterketarik ez zuela argudiatuta. Gainera, Aralarrek salatu zuen plana parte hartze sozial eta politikorik gabe egin zela. Parte hartze hori defendatu zuen Aralarreko koordinatzaileorde Dani Maeztuk. «Guretzat, funtsezkoak dira herritarren ekarpenak, are gehiago gaur egungo eredua auzitan dagoela kontuan hartuta».
Energia aurreztea
Energia aurrezteari buruzko esperientziak partekatze aldera, bilkura bat egiten ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako ordezkariak Gasteizen. Besteak beste, ondorengo gaiak aztertzen ari dira: auto elektrikoaren erabilera, eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak... Energiaren kontsumoa gutxitzeko herritarrak kontzientziatzeko moduez ere hitz egingo dute.
Jardunaldien harira, ekinbide bat egingo dute Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Eredu energetiko iraunkor bat lortze aldera herritarren parte hartzeak duen garrantziaz ohartaraziko dute, eta bizikletak jarriko dituzte Gasteizko udaletxeko, Bilboko Arriaga antzokiko eta Donostiako San Telmo museoko atarian. Pedalei eraginez lortzen den energiarekin, eraikin horiek argiztatzea lortu nahi dute. Herritarrei parte hartzeko eskatu diete.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Ekoguneak antolatuta, berriz, energiari buruzko jardunaldiak egingo dituzte bihartik ostiralera bitarte Donostian. Egungo energia eredua berriz aztertu behar dela dio Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak. «Erregai fosilak amaitzeak eta baliabide energetikoen kokapenak ezinegona eragin dute munduan. Berriz aztertu behar dugu energia eredua. Horretarako, ezinbestekoa da erakunde publikoen, enpresen eta herritarren arteko elkarlana, norabide berean joateko». Hizlarien artean hauek izango dira: Renovables fundazioko presidente Javier Garcia, Management Ekoenergia klusterreko kide Karin Krondorfer eta Eurosolar enpresako lehendakari Josep Puig i Boix.
Jardunaldiak aprobetxatuz,energiari buruzko foru plana aurkeztuko du Gipuzkoako Diputazioak. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Ainhoa Iraolak aurkeztuko du, hitzaldi baten bidez. Gipuzkoarako eredu energetiko iraunkor baten alde izenburua izango du. Hamar ildo estrategiko, 25 programa eta 54 ekinbide izango ditu foru planak.
'Fracking'-aren aurka egin dute aho batez Arabako Biltzar Nagusiek
Jaurlaritzaren energia planari helegitea jarri zion Aralarrek, eta onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu