Fracking Ez plataformak abiarazitako herri ekinbide legegilearen bidea amaierara heldu da. Eusko Legebiltzarrak onartu berri du gasa erauzteko teknika hori mugatzeko araudia, non hiru muga ezartzen baitizkioten: hirigintza, ura eta ingurumen ebaluazio estrategikoa.
EH Bildu, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin onartu da legea; aldiz, EAJ eta UPD abstenitu egin dira. Alderdi jeltzaleak azken unera arte defendatu du fracking-aren bost urteko etenaldia. UPDko Gorka Maneirok argudiatu du legeak erabateko debekua ezartzen duela eta debekuen aurka dagoela.
Zaintza partekatua arau nagusi, eta atzera begirako eraginarekin
Hiru hilabete barru zaintza partekatua arau nagusi izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu berri du araudi berri hori, herri ekinbide legegile horren sustatzaileen txalo artean.
Onartutako araudian azken aldaketa egin dute legebiltzar taldeek, PPk asteburuan iragarri zuen bezala. Legeak atzera begirako eragina izango du; hau da, banatu diren guraso guztiek aukera izango dute haien arteko hitzarmenak berrikusteko.
EAJk, PPk eta UPDk nabarmendu dute legeak “behar sozial bati” erantzuten diola. Halaber, hirurek nabarmendu dute epaileak zaintza partekatua aztertu beharko duela, baldin eta bi parteetako batek eskatzen badu. Ordea, UPDk eta PPk nabarmendu badute ere “berdintasunean” eta “bizikidetzan” aurrera egiteko balioko duela, EAJk zehaztu du hori ez dela azken asmoa.
PSE-EE azken testuaren puntu gehienetan abstenitu da, eta zenbaiten aurka bozkatu du. Hain zuzen ere, gaur egungo araudiarekin adingabearen interes nagusia berma daitekeela azaldu du, baita zaintza partekatua aitortu ere. Halaber, hausnartu du zaintza partekatua “inposatzeak” ez duela gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatuko, baizik eta gizartean berdintasunean aurrera egin ahala zaintza partekatua inposatuko dela.
Ildo beretik jo du EH Bilduk, legearen aurkako botoa arrazoitzeko. Zaintza partekatuaren legea adingabeen interes orokorraren aurkakoa dela nabarmendu du alderdi horrek, zaintza modu baten aldeko jarrera duelako, kasu bakoitza banaka aztertu beharrean. Emakunde ere ez dago ados arau berriarekin.